Lasarte-Oriako Loratu taldeak maiatzaren 7ko galdera aurkeztuko du

Txintxarri Aldizkaria 2017ko martxoaren 7a

Larunbatean, martxoak 11, Lasarte-Oriako Loratu taldeak maiatzaren 7ko herri kontsultan erantzun beharko den galderaren aurkezpena egingo du.

Gure Esku Dago dinamikako lantaldeak azaldu duenez, “hilabete batzuetako prozesu parte-hartzailearen ostean, eta hainbat herritarren hausnarketa eta ekarpenak kontutan hartuta adostu da galdera”. Aurkezpen ekitaldi berezia larunbatean egingo da Brigida plazan 12:30ean.

Galdera osatzeko proposamenak “urtarrilean egindako Berriketan saio irekian bildu ziren, bertan dozenaka herritarrek hartu zuten parte. Topaketa horretatik ateratako hiru galdera proposamen bozkatzeko aukera izan dute prozesuan parte hartu dutenek eta halaxe erabaki da Lasarte-Orian maiatzaren 7an egingo den galdera”.

Lokala zabalik

Loratu taldeak Kale Nagusiko 16.zenbakian dagoen apaiz etxeko lokala izango du bilgune hemendik aurrera. Informazio gune honetan, materiala eskuratu edo boluntarioen zerrendan izena emateko aukera dagoela aipatu dute. Datozen egunetan jakinaraziko da zein ordutegi izango duen harrerak.