Maialen Chourraut nagusi Pontevedran

Txintxarri Aldizkaria 2017ko martxoaren 7a

Espainiako kopako lehenengo frogako bi jardunaldietan nagusitu da piraguista lasarteoriatarra.

Txapelketari hasiera bikaina eman dio txapeldun olinpikoak. K-1 modalitateko frogan, denborarik onena egin zuen bi jardunaldietan. Marta Martinezen eta Nuria Villarublaren aurretik geratu zen larunbatean. Igandean, aldiz, Irati Goikoetxea eta Marta Martinez menperatu zituen. Gauzak horrela, sailkapen nagusian lehena da 100 punturekin.

C-1 modalitatean ere lehiatu zen lasarteoriatarra. Ozta-ozta irabazi zuen lehenengo jardunaldia, eta bigarren geratu zen igandekoan. Hala ere, sailkapeneko lehenengo postua berea da, 96 puntu bildu baititu. Hurrengo jardunaldia, apirilaren 1ean eta 2an jokatuko dute La Seu d'Urgellen, egungo Chourrauten bizilekuan.