Siriar errefuxiatu familia bati ostatu eman dio Lasarte-Oriako Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2017ko martxoaren 6a

Joan den ostegunaz geroztik ama batek eta bi semek osatutako siriar errefuxiatu familia bat udalaren etxeetako batean bizi da. Siria ekialdeko Deir-ez-Zor herritik etorri dira hiru pertsona horiek.

"Gure konpromisoa da errefuxiatuekin lan egitea, edozein familia lasarteoriatarri eskaintzen zaizkion zerbitzuak eta laguntzak emanez, arrazoizko epe batean independizatzeko eta erabat autonomoak izateko aukera izan dezaten", adierazi du udalak ohar bidez.

"Harro sentitu behar dugu gerraren izugarrikeriatik ihesi bere lurraldetik irten zen familia horri ostatu eman ahal izateaz, abegitsu agertuz, gure gurasoak eta aiton-amonak Espainiako Gerra Zibiletik ihes egindakoan hartuak izan ziren bezala", gaineratu du.