Ezin uka daiteke Padelo Kirol Klubaren ibilbidea indar betean hasi denik. Duela hiru hilabete sortu zuten egitasmoa, eta dagoeneko txapeldun izan dira Gipuzkoako 2. mailako taldekako txapelketan. Asteburu honetan jokatu dute eta kaleratze-faseak atzean uzten joan dira etengabe, podiumaren maila gorenera iristeraino.
Xabi Ansa, Urko Sagastibeltza, Joseba eta Ander Rekondo anaiak, Aitor Otamendi, Borja Rodriguez, Ruben Amenabar, Guille, Carlines, Iñaki eta Paxok osatu dute talde txapelduna.
Igande arratsaldean jokatu zuten final handia Donostiako Real Club de Tenis taldearen aurka.
Rekondo anaiek jokatu zuten lehenengo partidua, eta partidua irabazteko bi bola eduki zituzten arren, 'tiebreak'- ean galdu zuten. Xabik eta Urkok berea sendotasunez atera zuten aurrera, 6-1 eta 6-4 menperatuz bikote aurkaria.
Guillek eta Paxok jokatutako partidu "zirraragarrian" erabaki zen txapelketa. Lehenengo seta 4-6 galdu ostean, 7-5 irabazi zuten bigarrena lasarteoriatarrek. 'Tiebreakean' Padeloko kideek ziurtatu zuten finala, 12-10.
Klubeko arduradun Ruben Amenabarrek azaldu du "oso pozik" daudela klubak jokatutako lehenengo lehiaketa irabazi izanaz.
Gauzak horrela, datorren urtean taldekako lehenengo mailan aritzeko aukera eduki dezaketeela nabarmendu du Amenabarrek.
Lasarte-Oriako III. Padel txapelketa, aurrera
Asteak igaro ahala, aurrera doa Lasarte-Oriako III. Padel txapelketa, Padelo klubak berak antolatutakoa. Gaurko egunez, hau da egoera:
Lehenengo mailan bi bikote daude goiko postuetan berdinduta: Xabi Ansa-Urko Sagastibeltza eta Beñat Pagoaga-Alberto Rascon. Bina partidu jokatu eta beste hainbeste irabazi dituzte. Ander eta Joseba Rekondo anaiek, Jon Esnalek eta Ruben Ortizek eta Aitor Otamendik eta Jon Aginagak partidu bakarra jokatu eta irabazi dute. Bigarrena ere irabaziz gero, goian leudeke eurak ere. Behekaldean, Paxo-Carlines (bi puntu) eta Ruben-Borja (puntu bat) bikoteak daude oraingoz.
BIgarren mailan German-Montxo bikotea da sendoen dabilena orain arte. Bost partidu jokatu dituzte eta hamaika puntu bildu. Gertu dauzkate Juan Luis eta Miguel: lau partidu jokatu eta hamar puntu pilatu dituzte. Ander Zapiain-Xabier Aparizio eta Jose Miguel-Manu bikoteak ere ederki ari dira: hirutik hiru partidu irabazi dituzte orain arte. Sailkapenaren azken postuetan ere estua da lehia: hiru partidu jokatu eta galdu ditu Patxi Garcia-Alberto Lopez bikoteak, eta bitik bi Txemak eta Bernaitzek.
Gizonezkoen kategoriekin bukatzeko, Hirugarren mailaz hitz egin behar. Ruben Cabaco-Iñigo Lopez eta Victor Rico-Iñigo Garde daude lidertzan, bederatzina punturekin, hiru partidu jokatu eta beste hainbeste irabazita. Orain arte jokatutako guztia irabazi dute baita ere (bi partidu) Jose Mari Izetak eta Julen Loidik osatutako bikoteak. Xabi Bobillo-David Muñoz (bi puntu) eta Janpol-Iñaki Garmendia (puntu bakarra) daude azken postuetan oraingoz.
Eta, Emakumezkoen kategoria ere pil-pilean dago. Kris-Elena eta Maria Eugenia-Itziar bikoteak dira indartsuen hasi direnak, hirutik hiru partidu irabazi eta bederatzi puntu zakuratuta. Gertu daukate Kontxi-Bea bikotea, dena den; zortzi puntu lortu dituzte lau norgehiagokatan. Monika-Asun bikotea da orain arte puntu gutxien pilatu duena: hiru beste hainbeste partidutan.