Andaluzia eguna ospatzeko asteburua

Txintxarri Aldizkaria 2017ko martxoaren 3a

Andaluzia eguna izan zen asteartean eta Semblante Andaluz Elkarteak antolatuta, ekintzaz beteriko egitarauaz gozatu ahal izango da larunbat eta igandean. Astearteko ohorezko ardo eta luntxarekin eman zieten hasiera ospakizunei.

Andaluzia eguna da otsailaren 28a; ospakizun eguna Lasarte-Oriako Semblante Andaluz Elkartean.

Asteartean bertan, gauean egindako Ohorezko ardoarekin eta luntxarekin eman zioten hasiera ospakizun asteburuari. 

Aurretik, zuzendaritza-batzorde berriaren izendapena egin zuten eta José Perez izango da, berriz ere, elkarteko lehendakari.

Astearteko ekintzekin batera, larunbat eta igandean ere hamaika ekitaldi izango dira, goiz eta arratsalde.

Bihar, esaterako, haurren eguna izango da eta Porrotx pailazoaren, Jalgune Elkartearen, 'Gitanillas de Alba' taldearen eta 'Duende'-ren saioa izango da, arratsaldeko 17:00ean,  Semblante Andaluz Elkartean.

Emanaldia amaituta, askari eder bat egingo dute 'Hermandad Ntra. Sra. del Rocio' Elkarte Kulturalaren lankidetzarekin. 

Igandean, berriz, 'Semblante Rociero' koruak lagundutako meza izango da, goizeko 11:00etan Arantzazuko amaren elizan.

Honen ostean,  herri-bazkariari hasiera eman aurretik (14:30ean eseriko dira mahaien bueltan), Andaluziaren ereserkia abestuko dute, 14:15ean.

Arratsaldeko bostetan, berriz, Manolo de Badajoz gitarra-jotzaileak 'El ruiseñor de la Mancha' flamenko abeslariarekin emanaldia eskainiko du, elkartean bertan. Eta, asteburuko ospakizunei amaiera emateko, dantzaldi herrikoiaz gozatu ahal izango dute.

Hogeita bosgarren urteurrena

Mende laurdeneko ibilbidea bete du aurten Semblante Andaluz Elkarteak, eta hori ospatzeko egitarau berezia izango da martxoaren 28tik apirilaren 2ra bitarte.

Horretarako, Lasarte-Oriako zein kanpoko hainbat taldek hartuko dute parte.