Gorka Aristegi LOKE taldearen judo ataleko arduraduna: "Sortu dugun talde giroak pozten nau gehien"

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mar. 3a, 11:15

Emaitza onak lortu dituzte LOKEko judokek azken hilabetetan. Denboraldiaren fase erabakigarrian sartuta daudela, balorazio postiboa egin du arduradun Gorka Aristegik

Nabari da kategoria guztietan LOKEko judokek egiten duten lanarekin pozik dela Gorka Aristegi. Domina ugari eskuratu dituzte azken asteotan, baina horren gainetik sortutako talde giroak asebetetzen du gehien.

Durangoko Lehiaketa Internazionaletik bost domina ekarri dituzue. Pozik egoteko moduko emaitzak dira. 

Bai. Kadeteek zilarrezko bi eta brontzea lortu zuten, eta infantilek brontzezko beste bi domina. Maila oneko txapelketa zela kontuan hartu behar da. Izan ere, Frantziatik eta Portugaldik etorritako judokek hartu zuten parte. Emaitzekin eta edukitako jarrerarekin pozik gaude.

Eneko Eizagirre, berriz, Espainiako Txapelketara sailkatu da junior mailan. 

Zaragozan jokatu zuen Iparraldeko sailkapen fasea eta finalera iritsi zen. Oraindik kadetea da, eta kategoria handiagoko txapelketa batean lehiatzearen esperientza bizitzera doa. Bere helburu nagusia kadete mailako Txapelketak dira. Hala ere, oso animatuta ikusten dut.

Oro har pozik zaudete egiten ari zareten denboraldiarekin? 
Oso denboraldi polita ari gara egiten. Egia da emaitza deigarrienak kadeteenak direla, baina denekin gaude pozik. Ikasketak direla eta, judoka batzuk kanpoan daude eta beste batzuek ezin dute nahi adina entrenatu. Hala ere, kategoria guztietan lehiatzen gara eta klub guztiek ezin dute hori esan.

Zeintzuk dira hurrengo hilabetetako erronkak? 
Esan bezala, hilaren 11ean junior mailako Espainiakoa lehiatuko  du Eizagirrek. 25ean, aldiz, kadeteek Euskadikoa dute. Egun berean arituko dira infantilak Gipuzkoako Txapelketan, eta apirilean Euskadikoa. Tartean, beste txapelketaren bat jokatuko dugu egutegian ondo txertatzen badugu.

Emaitzetaz haratago, pozik zaudete talde giroarekin? 
Bai. Emaitza onak eskuratzea garrantzitsua da guretzat, noski. Baina gehiago erreparatzen diogu prozesuari eta sortzen den talde giroari. Presarik gabe egiten dugu lan, gure kirolaz gozatzen eta etaparik erre gabe. Gainera, dominak ere irabazten ditugu. Beraz, egiten dugun lanak eta metodoak fruituak ematen ditu. Asteburu batzuetan hitzordu asko ditugu eta, horregatik, nirekin batera Asier Sagasti eta Iñigo Matxain entrenatzaileek egiten duten lana asko baloratzen dut. Oro har, pozik gaude klubaren egoerarekin.