Giro ederrean bukatu ditu Andaluzia Egunaren (otsailak 28) ospakizunak Semblante Andaluzek. Kultura, gastronomia eta erlijioa nahastu ditu gaurko egitarauan: meza rozieroa Semblante Rociero koruak girotuta eta On Ramon Uribe-Etxeberria apaizak gidatuta, andaluziar ereserkia bastu eta herri bazkaria, Ruiseñor de la Mancha eta Manolo de Badajozen emanaldi bateratua eta dantzaldi herrikoia izan dira ekitaldi nagusiak.
Datorren asteburuan ere ez dira geldirik egongo Semblante Andaluzeko kideak. Emakumearen egunarekin bat eginda (martxoak 8), martxoaren 10ean, ostiralarekin, bi ekintzaz osatutako programatxoa prestatu dute. Antzezlana izango da horietako bat: Manuel Lekuona kultur etxean 'Agora de mujeres' emanaldia taularatuko du Emakumeen Zentroko antzerki taldeak. Handik pare bat ordu eta erdira, 21:30ean, Emakumearen Eguneko herri-afaria egingo dute Semblante Andaluzen egoitzan. Afari-legea egin eta gero, dantzaldi herrikoian astinduko dituzte gorputzak.
Emozioak taula gainean atzo
Emozioak erabat agerian geratu ziren atzo arratsaldean Semblante Andaluzen egoitzan: Porrotx pailazoa, Jalgune elkartea, Gitanillas del Alba eta Duende ikuskizun zirraragarria eskeintzeko elkartu ziren, eta taula gainera igo. Gogotik gozatu zuten bertaratutakoek.
Porrotxek mikrofonoa hartu bezain pronto hasi zen festa. Aurkezpen txiki baten ostean, Jalguneko lagunak hasi ziren oholtza gainera igotzen, bakoitza kolore batekin: urdina, horia, berdea, laranja, gorria eta morea. Porrotxek, ikusleen laguntzarekin, kolore bakoitzaren zentzua azaldu zuten. Ondoren, amaitzeko, magia trikimailu batekin sei kolore horiek bakar batean elkartu, eta bandera koloretsua atera zuten zaku gorri txiki batetik. Ondoren, guztiek elkarrekin Jalguneren 'Pausoka pausoka' abesti ezaguna dantzatu zuten, eta Semblante Andaluzi 'zorionak zuri' abestu ere bai, aurten 25 urte betetzen dituelako.
Ondoren, Gitanillas del Alba eta Duende taldeek dantza ikusgarriak taularatu zituzten ikusleen gozamenerako. Bukatzean, talde argazkia atera zuten guztiek elkarrekin, eta Porrotxek zein Jalgunek oroigarri polit bat jaso zuten Semblante Andaluzek berak oparituta. Ikuskizuna amaitu bezain laster, indarrak berritze aldera, merienda goxoa egin zuten egoitzan bertan.