Herritar ugarik hartuko du parte igandean Donostiako Lilatoiean

Txintxarri Aldizkaria 2017ko martxoaren 2a

Igandean 28. Lilatoia korrituko da Donostiako kaleetan zehar, 5 kilometroko ibilbidean

Inoiz baino herritar gehiagok eman du izena etzi korrituko den Lilatoiean parte hartzeko. 138 emakume lasarteoriatar izango dira Donostiako Boulevardeko irteeran goizeko 10:30ean.

5 kilometroko ibilbidea egingo dute Donostiako kaleetan barrena. Alderdi Eder zeharkatu eta Perla aldera abiatuko dira korrikalariak. Ibai aldetik Zurriolako zubira bueltatuko dira Groseko norabidea hartzeko. Saguesera iritsi aurretik Nafarroa hiribidea hartuko dute, bertako biribilgunean buelta eman eta Boulevardean bukatzeko.

Lasterketa hasi eta ordu erdi lehenago Aero-Zunbarekin egingo dute beroketa korrikalariek. Lasterketa amaitu ondoren, tripak asetu eta egarria baretzearren korrikalariak gonbidatuta daude Alde Zaharrean barrena egingo den 'Lila-Pote'-an parte hartzera.