Bikote sendo eta erregularra direla frogatu dute Arteaga IIak eta Erasunek Binakako Promozio Txapelketa honetan. Ligaxkako bigarren postua ziurtatu zuten Eibarko Astelena pilotalekuan, bost garaipen eta bi porrotekin.
Berdinduta hasi zen Dario eta Cecilioren aurka jokatutako partidua. Markagailuan zortzina zirela, aurrelari errioxarrak arazo fisiko bat eduki zuen eta aldageletara jo behar izan zuen. Hortik aurrera, gehiago izan ziren gipuzkoarrak. Arteagak Dariok baino gehiago asmatu zuen eta Erasunek Ceciliok baino gutxiago galdu.
Finalerdiak
Laso-Iturriaga, Errandonea-Martija eta Peña II-Salaverri dira hurrengo fasera sailkatu diren bikoteak. Ez dute lan erraza izango Axier Arteagak eta Jon Erasunek. Izan ere, bikain aritu dira Laso eta Iturriaga txapelketa osoan zehar, eta beste bi bikoteek gora egin dute azken asteotan. Hala ere, bere onena emanez gero, aukera ona izango dute gipuzkoarrek