Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi, "erabaki politiko baten erruz hil ziren". Horrela adierazi du Lasarte-Oriako EH Bilduk, gaur eguerdian egindako agerraldian.
Hamalau urte bete dira gaur Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi lasarte-oriatarrek Juankar, orduan preso zegoen seme eta anaia bisitatzera egindako bidaian bizia galdu zutenetik; eta egun, oraindik ere, indarrean mantentzen da salbuespenezko dispertsio politika hori.
Hori salatu asmoz eta herritarrak omentzeko, agerraldia egin du gaur eguerdian, Lasarte-Oriako EH Bildu alderdiak, Askatasunaren parkeko eskulturan.
Salbuespenezko neurria den dispertsioaren bitartez, "preso politikoen giza eskubideak urratzeaz gain, senideen eskubideak ere urratzen dira argi adierazi dute bertan bildutakoek. Honekin batera, oraingoz, errepideetan 16 senide eta lagun hil direla ere ekarri dute gogora eguerdian egindako agerraldian, eta Eusko Jaurlaritza 'Retratos Municipales de la Vulneración del Derecho a la Vida' lanean horien guztien errekonozimenduaren eskubidea urratzen ari dela ere gaineratu nahi izan dute. "Gure herrian oraindik ere errekonozitu gabe dauden biktimen memoriari eta familiari egiten zaien bazterkeri hau ez da ulergarria, ezta onargarria ere", nabarmendu dute. Horregatik, Argi Iturraldek eta Iñaki Balerdik errekonozimendu instituzionala izatea eskatzen die Lasarte-Oriako EH Bilduk udaleko gainerako alderdi politikoei; baita Eusko Jaurlaritzari eta dagokien instituzioei.
Guzti honekin batera, dispertsioarekin amaitzeko deia luzatu nahi izan dute; 16 hildakoen erantzule zuzena delako, giza eskubideak momenturo urratzeko tresna delako eta euskal gizarteak hamaika aldiz horrela eskatu duelako". "Dispertsioari amaiera emateko ordua da".