Astelehen arratsaldean hainbat herritar bildu ziren Okendo plazan Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoarekin elkartasuna adierazteko. Bertan izan ziren, halaber, ordezkaritza duten Udal talde batzuetako kideak. Hala nola, PSE-EEko, EH Bilduko, Lasarte Oriak Ahal Du-ko eta EAJko zinegotziak gehitu ziren kontzentraziora. SEADren 41. urteurrena ospatze asmotan, bere bandera zintzilikatu dute Udaletxean.
Bozeramaileen Batzordeak dokumentu bat onartu eta zenbait eskakizun luzatu ditu. Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan ematen diren "etengabeko giza eskubideen aurkako erasoen salaketa irmoa eta erabateko gaitzespena" egin zuten.
Halaber, NBEri eskatu diote Erreferendumaren aldeko misioari "giza eskubideen arloko eskuduntzak" emateko. Europar Batasunari, berriz, Mendebaldeko Saharako baliabide naturalak "ilegalki ustiatzeari" utz diezaiola galdegin diote; batez ere, saharar arrantza bakuak erabili ahal izateko Marokoko estatuarekin duten ituna bertan behera uztea. Espainiako estatuari eta EBko beste kideei, bestalde, SEAD eta bere autodeterminaziorako eta independentziarako eskubideak aitor ditzaten eskatu diete.
"Pertsona orori dagokion mugimendu askatasunaren" izenean, 2.600 km luze dituen eta "Mendebaldeko Saharako biztanleak banatzen dituen 'lotsaren harresia' eraistearen alde" agertu dira.
Espainiar estatuak Marokokoari armak saltzeari utz diezaiola galdegin dio Lasarte-Oriako Udalak. Hau da, "bere legedia" errespeta dezala eskatu dio, "gerran dauden estatuei armak saltzea debekatua dagoenez gero".