Adin guztietarako ekintzaz beteriko egitaraua Martxoak 8rako

Txintxarri Aldizkaria 2017ko otsailaren 27a

Gaur eguerdian eman dute ezagutzera Martxoaren 8rako, Emakume Langilearen Nazioarteko egunerako, antolatu duten programa, Emakumeen Zentro Zibikoan egindako agerraldian. Adin guztiei zuzendutako hainbat ekintza izango dira egun ezberdinetan.

Egitarauaren berri eman dute gaur, udal ordezkariek, Emakumeen Zentro Zibikoan egindago programaren aurkezpen ekitaldian.

Jesus Zaballos alkatea izan da hitza hartzen lehena; "Lasarte-Orian berdintasunaren alde egiten den lana sustatu nahi dugu", azaldu du Zaballosek. Honekin batera, genero berdintasunak Lasarte-Oriako Udaleko sail guztietan  "transbertsala" behar duela izan ere adierazi du. Emakumeei zuzendutako ekintza gehienak Martxoaren 8aren bueltan egiten badira ere, Udalak martxan duen 2016-2019ko Berdintasun Planaren eta Udaletik babesten diren berdintasunerako hainbat ekimenen bitartez, "oso presente" eduki nahi dugu berdintasunaren gaia. Horretarako, adibidez, 'Guztion Lasarte-Oria!' mural lehiaketarako berdintasunaren gaia aukeratu dute.

Ekintzez beteriko egitarau zabala
Alkatearen hitzak entzun ostean, egitarauaren aurkezpena egin dute Maite Iglesias Kultura zinegotziak, Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, eta Izaskun Oronoz eta Joana Azpitarte teknikariek; martxoaren 5ean emango zaio hasiera ekintzaz beteriko egitarauari.

Egun horretan, 'Figuras ocultas' filma eskainiko da Manuel Lekuona Kultur Etxean, iluntzeko 19:30ean eta bost euroren truke.

Hurrengo egunean, Martxoaren 6an, berriz, bi ekitaldi izango dira; arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara kartel lehiaketako erakusketa zabalduko da Antonio Merceron eta 18:00etan, aldiz, Ipuin kontalaria izango da jubilatuen elkartean.

Martxoaren 8an, kartel lehiaketako lanen erakusketa mantenduko da ordutegi eta leku berean, eta arratsaldeko 18:00etan horien sari banaketa egingo da, Antonio Merceron.
Egun bat beranduago, Martxoaren 9an, bost urtetik aurrerako haurrentzat ipuin-kontalaria izango da liburutegian.

Martxoaren 10ean 'Agora de mujeres' antzerkia ikusteko aukera izango da, kultur etxean eta 3 euroren truke. Gau horretan bertan, emakumeen afari bat ere egin asmo dute, Semblante Andaluz Elkartean. Izan ere, elkartearen 25. urteurreneko ospakizunen harira, emakumeen afari bat aurreikusi zuten euren egitarauan, eta hori aprobetxatuz, elkarrekin egingo dute afaria; "berdintasunaren bidean elkarrekin lan egin behar dugu" adierazi zuen Lourdes Acevedo zinegotziak.

Egitarauarekin amaitzeko, martxoaren 11an, Zumba Maratoia izango da goizeko 11:00etan Okendon. 13:00etan elkarretaratzea egingo da, eta iluntzeko 20:00etan, 'Koadernoa zuri' antzezlana ikusteko aukera izango da, kultur etxean, 5,50 euroren truke.