Igandean ere festa

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ots. 26a, 20:15

Atzoko egun handia topera ospatuta ere, lasarteoriatarrek erakutsi dute indarrak dituztela gaurkoan ere Inauterietan murgilduta jarraitzeko. Okendo plazako mozorro lehiaketan hartu dute parte zenbaitek, eta 'Rockalean' emanaldiaz gozatu ere bai.

Inauteri giroa nabaria izan da gaur ere herriko kaleetan, arratsaldean batez ere. Mozorro lehiaketa eta 'Rockalean' taldearen kontzertua, biak Okendo plazan, izan dira ekintza azpimarragarrienak. Goizean ere atera da jendea poteora Ttirriki-Ttarrakaren doinuek girotuta, eta Ttakun KEk antolatutako muxikoetan ere dantzan ibili dira zenbait lasarteoriatar.

Hainbat mozorro desberdin ikusi ahal izan dituzte Okendora bertaratu direnek taula gainean, denetan onena eta originalena izateko lehian: donostiar talde bat Kontxako barandila famatuaren 'zati' bat eta guzti, Charlie Rivel pailazoa, Star Wars-eko pertsonaiaren bat, kabaret dantzariak, sorgina... Atzo desfilatu zuten konpartsetako kideak izan dira epaileak, eta donostiar taldeak jaso ditu bozka gehien. Urdaiazpiko eder bat eta txorizo bat izan dira sariak.

Hori eta gero, 'Rockalean' taldeak girotu du Okendo plaza, hainbat abesti ezagun interpretatuz.

Argazki galeria eguneratua