Iragarrita zegoen. Larunbatean lehertu da festa Lasarte-Orian. Inauteriak ederki ospatu dituzte herritarrek eguraldi ezin hobeak lagunduta. Goizetik hasi eta gaueko ordu txikietara arte, mozorro iruditsu eta koloretsuak soinean ederki pasa dute guztiek.
Konpartsak eguerdiko hamabietan hasi dira elkartzen Okendo plazan. Baina ez eurak bakarrik, baita hainbat herritar ere. Kolorea izan da nagusi Okendon. Koadrila bakoitzak bere mozorroa erakutsi bitartean egin dute konpartsen lehiaketa, eta irlandarrez jantzitako Erketzekoek irabazi dute sari nagusia: urdaiazpiko ederra.
Arratsaldean herrian zehar atera dira desfilean konpartsa guztiak, musikak girotuta. Kale bazterretan hainbat herritarrek ikusi dute ekitaldia, euren mozorroak soinean baita ere. Argazki ederrak ateratzeko parada eduki dute kazetariek.
Eta gauean ez da jaitsi ospakizun egunaren intentsitatea: giro freskoa zela-eta lepo egon dira tabernak, eta baita kanpokaldea ere. Inork ez duelako galdu nahi izan gaurko ospakizun egun erraldoia.
Eta bihar ere jarraituko du festak. Ttirriki-Ttarrakako kideek girotuko dute eguerdiko poteoa. Eta, arratsaldean, mozorro sariak jokatuko dira Okendo plazan. Gaurkoa egun handia izan da, baina ospatzeko motibo denak ez dira agortu. Biharko ere geratuko da zerbait.