Ikastetxeetako gaztetxoak ere Inauteriez gozatzen

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ots. 24a, 18:30

Astea modu ezin hobean bukatu dute herriko ikastetxeetako gaztetxoek: Inauteriak ospatu dituzte irakasleekin batera. Eguraldi txarra zela-eta, Sasoeta-Zumaburu, Garaikoetxea-Landaberri eta Landaberri LHko kideek euren gimnasioetan egin diete harrera Inauteriei.

Eguraldi kaskarrak ez ditu herriko ikastetxeetako gaztetxo eta irakasleen aurpegiak goibeldu. Motibo oso on bat zeukaten irri egiteko: Inauterien etorrera. Sasoeta-Zumaburu, Garaikoetxea-Landaberri eta Landaberri LHko kideek euren gimnasioetan egin dute ospakizuna gaur arratsaldean, euria egiteko arriskua egon baita.

Garaikoetxea-Landaberrin euriak eta lainoa ez, eguzkia eta ilargia izan dira protagonista nagusiak. HH3ko geletatik LH2koetara arte, txandaka-txandaka dantzatu eta abestu dute, bi astro horiek gimnasioan zehar desfilatu bitartean. Ziripot pertsonaia mitologikoaren bisita ere jaso dute gaur arratsaldean. Eta hortik zebilen Miel Otxin ere. Hainbeste ikasle batera sartzen ez direnez gimnasioan, bi txandatan antolatu dute gaur arratsaldeko ospakizuna. Giro ederrean aritu dira gaztetxo eta irakasleak. Orain, asteburua daukate aurretik.

Landaberri LHko ikasleak, berriz, mozorro ugari aukeratu dituzte gaur arratsaldeko ekitaldirako. Pailazoak, 'Cowvoyak', San Fermineroak, sardinaren heriotza eta beste hainbat mozorro ikusi ahal izan dira ikastetxeko gimnasioan. Txandaka aritu dira taldeak aurrez prestaturiko dantzak ikaskideei erakusten eta giro animatuan egin dute inauterietako festa.

Sasoeta-Zumaburuko ikasleek ere dantzaldi ederraz gozatu ahal izan dute. Euskal mozorro ugari prestatu dituzte, eta horiek guztiak jantzita, alai ibili dira euskal doinu herrikoiak dantzatzen. Euskal Mitologiako pertsonaia ugari ikusi ahal izan dira arratsaldeko jaialdian; Lamiak, Txantxoak eta Miel Otxin, besteak beste eta hainbat dantza egin ostean, guztiek elkarrekin kalejiran eman diote amaiera festari.

Hemen osatu ditugun argazki-bilduma