Aita izateak sortu didan sentimendu baten harira datoz gaurko hitzak. Sentimendu nostalgiko xamarra, kronologikoki oso antolatua, denboran etapaka kokatua eta haurtzaroan oinarritzen dena.  Bakoitzaren oroitzapenen eta sentimenduen mundua oso desberdina eta aberatsa da. Herriko pailazoen doinu eta abestien letrekin zure bizitzako ehunka momentu gogoberritzea, oso aberasgarria; zin dagizuet. Horri, semearen irribarrea gehituz gero, hortxe eguneroko une magikoetako bat.

Irrien lagunak, ilusioen lagunak, euskararen lagunak eta bereziki haur guztien lagunak. Guztienak diodanean heldu garen haurronak ere esan nahi dut. 90.hamarkadan Zabaleta auzoan, oihal zati bat atzean zutela hasi ziren pailazo haiek poza eta alaitasuna banatzen;  Takolo, Pirrutx eta Porrotx ziren garai hartan.

Egunero berritzen ditut haur garai haiek, semearekin euren diskak entzuten ditudan bakoitzean. Poz asko, ilusio asko eta bereziki irribar asko berritzen ditut ene buruan. 

Semeak, nabari du aitatxo eta amatxok oso gustuko dituztela. Zabaletako pailazo haiek, Lasarte-Oriako pailazo bihurtu ziren  gerora eta gaur egun Euskal Herri osoan banatzen dituzte muxuak Pirritx, Porrotx eta Marimototsek.  Zabaletako lehen emanaldi haiek ikusten genituenok, pozik ikusten ditugu gaur egun ere. Ezin ahaztu, duela 30 urte inguru Okendo plazan dultzaina, bonboa eta txindatak hartuta egiten zituzten sarrera kitzikagarriak, edota "aspirinarekin" bukatzen ziren saio dibertigarriak. Nire oroitzapenen bilduman erroturik geratu dira hainbat momentu bereziri loturiko abestiok. Memoria, askotan ekintzetan eta sentimenduetan oinarritzen da eta nire kasuan  abesti sinple batek, letra sinple batek, oroitzapen asko ekartzen dizkit. Landaberri ikastolako jaialdi hartan binilozko diska hura erosi nuenetik, urte asko iragan diren arren, aurtengoan Korrikarako sorturiko diska berria erosi eta gozatzen gabiltza etxean. Askotan memoriak ez duelako gehiagorik behar. Gozamenerako sentimenduak sorrarazten dituzten uneak, une bereziak, une hauek sortuko dituzten pertsonak eta abestiak besterik ez.

Bihotz bihotzez eskerrak Takolo, Pirrutx, Pirritx, Porrotx eta Marimotots.