Aurtengo Gabonetako Haur Parkean ez zen GKErik aurkeztu sarrera eta taberna lanak kudeatzeko eta enpresa antolatzaileak, Animak, hartu zuen bere gain. Irabaziak, 1.500 euro guztira, Ostadar SKT-ren kirol egokituen atalari esleitu zaizkio.
Alkate Jesus Zaballosek nabarmendu duenez, Lasarte-Oriako Udalak "inklusioaren aldeko konpromisoa" erakutsi du ekintza honen eta egiten dituzten "beste askoren bitartez". Ostadar SKT-k sortu berri duen atalak "orain arte egin duen lana" laudatu du eta "espero" du hemendik aurrera hala jarraitzea.
Ostadar SKT-ren izenean Amaia Cadarsok eskertu du Udalak azaldutako "konfiantza". Azpimarratu du kirol egokituak egin ahal izateko materialak berak "kostu handia" duela, eta edozein laguntza "eskertzekoa" dela. Orain arteko ekintzak balioan jartzeaz gain, lanean jarraitzeko "gogoa" nabarmendu du.