Tipi-Tapa Korrika! emanaldi bikoitza Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2017ko otsailaren 23a

Lasarte-Oriako Irakurleen Txokoak laugarren ikasturtea du aurtengoa, eta azken hiruhilekorako hainbat ekintza antolatu ditu; horien artean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Tipi-Tapa Korrika! ikuskizunaren emanaldi bikoitza. Txintxarrik bi sarrera bikoitz oparituko ditu, eta horiek eskuratzeko formularioa bete beharko da. Albiste amaieran dago formularioa betetzeko esteka.

Laugarren ikasturtea betetzear du Lasarte-Oriako Irakurleen Txokoak. Azken hiruhilekoan murgildu dira dagoeneko, eta ikasturteari behar bezalako amaiera eman asmoz, hainbat ekintza antolatu dituzte.

Apirilaren 8an, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Tipi-Tapa ikuskizun bikoitzaz gozatzeko aukera izango da Manuel Lekuona Kultur Etxean.

Irakurle Txokoak antolatzen dituen ekimen guztiak finantzatzeko, diru iturri propioak landu behar izaten ditu. Diru iturri horiek lortze bidean, Lasarte-Oriako pailazo taldearen eskaintza bat jaso zuen taldeak. "Guk, noski, onartu egin genuen eskaintza hori, eta oso eskertuak gaude eman diguten aukeragatik", azaldu dute taldeko kideek igorritako idatzi baten bitartez.

Emanaldia, beraz, apirilaren  8an izango da herriko kultur etxeko areto nagusian, eta bi emanaldi izango dira egun berean; arratsaldeko 16:30ean izango da lehena, eta 19:00etan, berriz, bigarrena.

Horiek ikustera sartu ahal izateko, ordea, aldez aurretik sarrerak eskuratzea beharrezkoa izango da, eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, Jalgi Kafe Antzokian eta Artizar tabernan erosi ahal izango dira, 7 euroren truke.

Tipi-Tapa Korrika! ikuskizuna
Emanaldi alaiaz gozatu ahal izango dute apirileko bi saioetara gerturatzen diren etxeko txikiek.Basoari urtero iristen zaio udaberria; kukuak esnatzen dira eta elurrak urtzen dira eta landareak loratzen direnean.Euskarari, ostera, bi urterik behin, Korrika iristen zaio.

Ekimen horretan, kilometro bakoitzeko, lekukoa pasatzen da, eskurik-esku, maitasunez. Lekuko hori, ordea, airean dabil, lurrik ukitu gabe, mezu sekretu bat gorderik duela eta sudur-gorriek, Lasarte-Oriako jaialdian zabalduko dute; "eman, hartu, jaso, pasa... aurrera... Badaramagu   euskara etorkizunera!".

Sarreren zozketa
Apirilaren 8an Manuel Lekuona Kultur Etxean pailazoek eskainiko dituzten emanaldietara joateko, bi sarrera bikoitz zozketatuko ditu Txintxarri-k.

Zozketa horretan parte hartu ahal izateko, txintxarri.eus atarian sartu beharko dute interesatuek, eta ikuskizunaren banerrean klik eginda agertuko den formularioa bete beharko dute.