Arteaga II eta Erasun Promozio Txapelketako finalerdietatik gertu

Txintxarri Aldizkaria 2017ko otsailaren 23a

Norgehiagoka txukuna egin zuten Axier Arteagak eta Jon Erasunek eta txapelketan aurrera egiteko txartela gertu dute.

Peña II eta Apraiz nagusitasunez menpean hartu ondoren (22-5), finalerdietarako sailkapena  poltsikoan dute Axier Arteagak eta Jon Erasunek. Hasi eta bukatu, gehiago izan ziren lasarteoriatarra eta zizurkildarra, atzean pilota sendo astinduz eta tantoak segurtasunez bukatuz.

Erasunek ez zuen hutsik egin bere herrian, eta eskuratutako  garaipenari esker, bikote gipuzkoarrak urrats garrantzitsua eman du. Bigarren postuan dira, lau punturekin. Aurkari guztiek bere partidua irabazi eta  ligaxkako azken partidua galduko balute ere, ez lirateke tanteo okerrenarekin geratuko. Beraz, hurrengo fasean, finalerdietan, jokatzeko txartela birtualki bermatuta dute.

Igande honetan, Dario eta Jaunarena izango dituzte aurkari Eibarko Astelena pilotalekuan 17:00etatik aurrera jokatuko duten jaialdian.