Neguko denboraldiko azken hitzorduetan barneratuta daude Buruntzaldea IKT taldeko igerilariak. Nahia Zudairek Igeriketa Egokituko Gipuzkoako Txapelketan hartu zuen parte larunbatean, emaitza ezinhobeak lortuz.
Hiru frogetan –100 metro bizkar, 100 metro tximeleta eta 200 metro estiloak– bere aurreko markak 10, 9 eta 22 segunduetan hobetu zituen. Halaber, lasterketa guztietan lortutako puntuen batuketari esker, sailkapen nagusian lehenengo postua eskuratu zuen.
Gipuzkoako Neguko Txapelketa
Azpeititik pozik atera ziren Buruntzaldea IKT taldeko igerilariak. Infantilek, juniorrek eta absolutuek Gipuzkoako Neguko Txapelketa jokatu zuten eta harro egoteko moduko emaitzak izan zituzten.
Infantil mailan izan zituzten lorpen deigarrienak, Leire Martinek 400 estiloetan bere kategorian eskuratutako Euskadiko errekorra tarteko. 5:03,59 minututan gelditu zuen denbora, eta froga horretako urreaz gain, beste hiru domina irabazi zituen. Zilarrezkoa 100 libreetako lasterketan eta bi brontze; 200 estiloak eta 200 bizkar frogetan.
Lau marka horiek, Buruntzaldea IKT taldeko errekorrak izateaz gain, Espainiako Neguko Txapelketako ateak irekiko dizkiote igerilari gazteari.
Kontuan hartzeko markak egin zituzten Ainhoa Martinek, Paula Sevillanok eta Nora Qian Villamedianak ere.
Ainhoak urrezko eta brontzezko dominak irabazi zituen 200 bular eta 400 estilotako lasterketetan, Paulak urrea 800 librean eta zilarra 400 librean, eta Norak zilarra 800 librean. Lehenengo biek Espainiako Txapelketarako txartela irabazi dute zenbait frogetan.
Xabier Alonsok eta Lander Sorozabalek dominarik ez zuten lortu, baina haien marka pertsonalak hobetzea lortu zuten.
Erreleboetan ere dominak eskuratu zituzten neska infantilek, zilarrezko bat eta brontzezko bi, hain zuzen.
Junior eta absolutu mailan ez zen dominarik banatu, baina emaitza txukunak izan zituzten. Mikel Esnalek denborarik azkarrena markatu zuen 50 libre eta tximeletan. Iñigo Ibarburuk emaitza bera eduki zuen 100 tximeletan, eta Haitz Mitxelena hirugarren geratu zen 200 tximeletan. Itsaso Tolosa, bere aldetik, 100 bizkar frogan 10 lehenengoen artean sartzea lortu zuen.
Jon Ibargoyenek eta Unai Irigorasek marka pertsonalak hobetzea lortu zituzten
Neguko Saria
Gipuzkoako Neguko Sarian taldeko Yaiza Martinez eta Jon del Rio lehiatu ziren. Lehenak brontzezko domina irabazi zuen 50 metro bular frogan, eta bigarrenak zilarrezkoa 50 metro libre lasterketan.
Asteburu honetan, infantil, senior eta absolutu mailako Euskal Herriko Txapelketak jokatuko dira.