Bolada onean Ostadar SKT-ko gizonezko seniorrak

martin-vicioso 2017ko otsailaren 21a

61-44 garaitu zuten lidertzan zen Katu-Kale taldea, eta azken zazpi partiduetatik sei irabazi dituzte.

Ligaxka amaitzeko hiru partidu falta direla, leku onean dira Ostadar SKT-ren saskibaloi ataleko gizonezkoen seniorrak. Pasa den ostiralean Eibarko Katu-Kale taldea hartu zuten Maialen Chourraut kiroldegian, eta nagusitasunez gailendu ziren urdinbeltzak, 61 eta 44.

Lehenengo laurden motel baten ondoren, bigarrengoan eskuratu zuten abantaila Ostadar SKT-ko mutilek. Atsedenaldira 35-20 joan ziren.

Indarrez atera ziren eibartarrak aldagelatik eta markagailuan hurbiltzea lortu zuten. Asierren bi saskiratzeek, berriro ere, aldea 10 puntura zabaldu zuen azkeneko laurdenaren atarian. Amaiera ona eman zioten lasarteoriatarrek norgehiagokari, eta 17 punturen tartearekin irabazi zuten.

Bigarren postuan

Sailkapena estutu egin da ostiraleko partiduaz geroztik. AIB da orain lidertzan, bi partidu besterik galdu ez dituela. Garaipen bat gutxiagorekin dira Ostadar SKT, Katu-Kale eta Cafes Aitona.