Maialen Chourrauti saria ‘World Paddle Awards’ ekitaldian

Txintxarri Aldizkaria 2017ko otsailaren 21a

Portugalen ospatu zen ekitaldia, pasa den larunbatean. Herritarra “oso pozik” da irabazitako sariarekin.

Maialen Chourraut piraguista herritarrak egindako denboraldi bikainak oihartzuna izaten jarraitzen du. Iragan asteburuan Portugalen ospatutako ‘The World Paddle Awards’ (Munduko Arraun Sariak) ekitaldian saria jaso zuen. Herritarrak adierazi du “oso pozik” dagoela jasotako aitortza horrekin.

Otsail hasieran ere saritua izan zen Maialen: Espainiako Piraguismo Federazioak urteko piraguista onenaren saria eman zion herritarrari.

Erronka berrietarako prestatzen 

Sari-banaketa ekitaldien artean, herritarrak jo eta ke jarraitzen du entrenamenduekin, aurtengo erronka berriak ahalik eta ongien prestatze aldera. Duela pare bat aste Paun (Frantzia) egon zen kontzentratuta, eta, duela egun gutxi, piragua berri batekin hasi da lanean.

Besteak beste, irailean Paun bertan jokatuko den Munduko Txapelketa izango da Maialenen helburu nagusietako bat. Palmares zabal bat are gehiago osatzeko aukera izango du han.