Bertsoa eta literatura uztartuz, hirugarrenez

Irakurle txokoak antolatuta, hainbat herritarrek bertso eta literatur gau eder batez gozatu zuten atzo iluntzean Xirimiri elkartean. Ane Labaka, Uxue Alberdi eta Maialen Lujanbio aritu ziren kantuan; Eider Rodriguezek egin zituen gai-jartzaile lanak.

Irakurle Txokoko kideek hirugarrenez antolatu dute aurten bertso-afari literarioa. Aurreko bi edizioak bezala, arrakastatsua izan da hirugarrena ere: hainbat herritarrek bertso eta literatur gau eder batez gozatu zuten atzo iluntzean Xirimiri elkartean. Hori baino lehen, bapo afaldu zuten, menu goxoa dastatuz: hostopil barrubetea, legatza eta postrea. 

Ane Labaka, Uxue Alberdi eta Maialen Lujanbio aritu ziren kantuan atzo; Eider Rodriguezek egin zituen gai-jartzaile lanak. Atzo gaueko menuan orain arte aipatu ez dugun osagai bat ere presente egon zen uneoro: umorea. Ez bakarrik bertsolarien saioak iraun bitartean, baita aurkezpenean ere: Pablo Barrio eta Miren Zalduak hartu zuten mikrofonoa, ekitaldiaren sarreratxoa egiteko. Barreak orduan hasi ziren Xirimirin, eta jada ez ziren geldituko gau osoan.

 Labaka eta Alberdi bi euskal idazleren paperean jarri zituen Rodriguez gai-jartzaileak: lehenak oso idazkera jasoa zeukan, euskal hitz guztiak ezagutzen zituen, baina ez zeukan ezer interesgarririk kontatzeko; bigarrenak, berriz, alderantziz. Eta literaturaren etorkizuneko bi harribitxi horiek Lujanbio editoreak deskubritu zituen, baina, funtsean, idazle frustratua zen bera. Rol horien inguruan bertso eta ateraldi bikainak egin zituzten hiruek, ikus-entzuleen gozamenerako. Eider Rodriguez gai-jartzaileak egoera bakoitza ere zehaztasunez eta umorez azaleratu zuen, eta hori ere eskertu zuten Xirimirira bertaratutakoek. Ordu eta erdi inguruz ederki gozatu zuten guztiek, eta etenik gabekoak izan ziren barre-algarak eta txalo zaparradak. 

Hurrengo saioa, etzi

Irakurle Txokoko kideak etzi elkartuko dira, otsaileko saioa egiteko, TtakunEnea elkartean, 18:30ean. Angela Davis idazle estatubatuarraren 'Emakumeak, arraza eta klasea' liburuari buruz hitz egingo dute. 

Herriartekoko saioa Urretxu-Zumarragan

Bestalde, Lasarte-Oriako bertso eskolako kide Ane Labaka, Unai Muñoa eta Asier Azpiroz Gipuzkoako herritarteko txapelketako bigarren saioan aritu ziren ostiral gauean Urretxu-Zumarragan, bertako Simimimisol eskolarekin batera. Orekatua izan zen oso bien jarduna, baina azkenean etxeko taldekoek poltsikoratu zuten garaipena, 13-11.