Franelazko izarak

Etxean askotan izaten da gonbidatuen gela bat, norbait bisitan etorriko zaigun itxaropenaz bizi baigara eta soberan izaten dugun gela atondu, txukundu eta gonbidatuena bezela izendatzen dugu.

Nik ere badut horrelako gela bat etxean. Ez ditut gonbidatuak sarritan izaten eta horregatik askotan alabaren jostailuekin edo tolestu eta jaso beharreko erropaz beterik izaten da.

Nire gurasoak izaten dira gela hau gehien erabiltzen dutenak. Bilobatxoarekin egoteko aitzakiarekin etortzen dira asteburu pasa eta beroientzat prestatzen dut gela. Orain urte batzuk, amak, neguan etortzen zirenerako franelazko izara batzuk oparitu zizkidan. Izara urdinak aitarentzat eta arroxa kolorekoak berarentzat, pare bat ohe banatarako. Aitaren ametsetako izarak omen ziren, aspalditxoan zuen kapritxoa izaki.Izara lodi eta goxoak, ohean sartu eta eternitaterarte harrapatzen zaituzten horietakoak.

Aurten ere gonbidatu ditut gurasoak etxera, hotz gehien egin duen astean, orain hiruzpalau aste hain zuzen. Eta okasioak eta beharrak eskatzen zuelako atera nituen armairutik franelazko izarak, aitaren ametsetako izarak.

Amaren ohea jantzi nuen aurrena, ximurrik gabe, zuzen zuzen, berdin berdin. Aitarena janzten hasi orduko ordea, malko batek egin zidan ihes, franelazko izara gainean orban urdin ilun bat utziz. Hari begira, ohartu nintzen aita ez zela berriz itzuliko, ez zuela berriz ametsik egingo bere ametsetako izara artean.

Malko orbana izaratik poliki-poliki desagertu zen gisan, utzi gintuen iaz  gure aitak ere, inoiz amestuko ez lukeen bukaerara iritsiz. Hiltzea baita guztiok ziur egingo dugun gauza bakarra. Bizitza hauskorra baita, zartaduraz betea, pitzaduraz josia eta eten hoietako hutsunea askotan  amets gaizto bilakatua .

Baina denborak aurrera darrai, etengabean, eta etenak sorturiko zauriak sendatuz. Maite genuen hori, franelazko ametsetan biziko dela jakitun.