2.916 erabiltzailerekin abiatzen da edukiontzi marroia herrian. Biohondakinak bereizita biltzeko kanpainan herritarren parte-hartzea handia izan dela azpimarratu du udalak. Udal ordezkariek ohar bidez egindako balorazioan aipatu dute “hondakinak sortzearekin arduratsu izateko mezua ondo barneratu da Lasarte-Orian”.
Jesus Zaballos alkatea pozik agertu da kanpainak lortutako emaitzekin. 2.881 familiak eta 35 hondakin-sortzaile berezik eman dute izena biohondakinak bereizita biltzeko sistema erabiltzeko. Lasarte-Oriako etxeen % 40 inguruk jaso dituzte txartela, zakarrontzia eta erabili eta botatzeko poltsak.
Udalak gogoratu nahi du hemendik aurrera ere posible izango dela bereizita biltzeko sisteman alta ematea. Udaletxeko 4. solairuko bulegoetara gerturatuta herritarrek euren txartela eskatu ahal izango dute eta bertan emango zaie ere materiala.
Ingurumen sailetik, zerbitzuan izena ematen jarraitzera animatu nahi dituzte herritarrak, “eta biohondakinen bilketa bereizita egitera, emandako jarraibideak betez, hartara ondorengo tratamenduan lortzen den materiala kalitatezkoa izan dadin”.