Kultura eta zapore desberdinak mahai berean

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ots. 5a, 17:19

Sasoeta ikastetxeko gimnasioa kultura, plater, jaki eta zapore desberdinen topaleku bihurtu da gaur. Burunzpe guraso elkarteak bazkari multikulturalaren laugarren edizioa antolatu du; bertaratu direnek ohitura desberdinak ezagutu eta bapo bazkaldu dute. Festak arratsaldean jarraituko du, karaokearekin.

Benetan zaila zen plater desberdinen izenak eta jatorriak koadernoan apuntatu bitartean horiek probatzeko tentazioari eustea. Itxura ederra zeukaten guztiek. Haurrak Sasoeta ikastetxean dituzten hainbat familiak hartu dute parte Burunzpe guraso elkarteak antolatutako bazkari multikulturalean. Laugarren edizioa izan da aurtengoa: postre eta guzti, 33 plater desberdin dastatu ahal izan dituzte Sasoetako gimnasiora bertaratu diren herritarrek.

Epaile lanak udal korporazioko zenbait kidek egin dituzte: Jesus Zaballos alkateak eta Lourdes Acevedok (PSE-EE), Pablo Barriok (EH Bildu) eta Arkaitz Nayak (Lasarte-Oriak Ahal Du). Horiez gain, herritar ugari animatu dira zapore eta jaki desberdinak dastatzera. Jaten hasi aurretik, ekitaldiaren antolatzaileek hartu dute hitza, eta adierazi dute egunaz gozatzea dela euren helburu nagusia. Era berean, Burunzpen sartzera animatzen dituzte etorkinak diren gurasoek, "gisa honetako ekintza gehiago antolatu ahal izateko". Jesus Zaballos alkateak guraso elkarteak egiten duen lana nabarmendu du.

33 plater, hamaika jatorri

Mikrofonoak utzi eta platerak zein mahai-tresnak hartzeko ordua iritsi da gero. Segundo bakar bat ere ez dute itxaron ekitaldira joan diren herritarrek mahai gainean aukeran zeuzkaten 33 platerak dastatzeko.

Denetarik ikus zitekeen: Txileko sopaipilla lehorrak (opil moduko bat), 'sopaipilla pasatuak' edota pinu-enpanadak (haragia eta tipularekin); Boliviako 'Mondongo' izeneko platera (tripaki, txerri-haragi eta patata egosiekin); Peruko 'Ceviche' koloretsua (arraina, batata, artoa, tipula eta beste hainbat osagairekin egina) eta pikaroiak (postrerako); Ekuadorreko arroza oilaskoarekin edota platano frijitua; Uruguaiko hirugihar eta gazta opila; Marokoko ogia; edota Errumanian ohikoa den 'Mici' izeneko platera (txerri eta txahal haragiaren arteko nahasketa, arrautza, baratxuri eta espeziekin).

Plater exotiko horien alboan, hemen inguruan oso ezagunak diren batzuk ere bai: legatza saltsa berdean, txipiroiz barrubetetako pikilo-piperrak, kokotxak pil-pil erara, legatza piper berdearekin, patata-tortila edota 'Urnietako piperrak' (hegaluzez, tipulaz eta baratxuriz barrubetetako piper gorriak). Euskal Herritik oso urruti ez dauden probintzia batzuetakoak ere dastatu dituzte bertaratutakoek: Extremadurako migak, Andaluziako gazpatxoa, galeperrak arrozarekin, Kataluniako 'aspardeñak' (antxoa, tipula, alberjinia, piper eta olioarekin egindako pintxoa), Galiziako filloak eta gaztainak edota patatak errioxar erara. Horrez gain, anekdota modura, nazionalitate berri bat ere bazegoen: "Nire etxeko errepublika independientea". Bertan, besteak beste, haragi-lasaña jaten dute. Gaurkoan hori eraman dute behintzat.

Postrerako ere aukera ugari: gazta-tartak, sagar-tarta, siropez eta marrubiz barrubetetako eta txokolatez estalitako bizkotxoa, 'amonaren bizkotxoa', platanoz eta siropez egindako pankakeak, laktosarik gabeko bizkotxoa edota 'Urnietako harriak' (txokolate beltzarekin, aloarekin eta arrozesnearekin egindakoak).

Antolatzaileek zehaztu dutenez, familia sahararrak ere etortzekoak ziren, baina azkenean ezin izan dute agertu, gaixorik daudelako.

Bien bitartean, gaztetxoenek ere bete dituzte sabelak: makarroiak jan dituzte, tomatearekin. Bazkariarekin ez da bukatu festa, ezta gutxiagorik ere: karaokean eta jokoetan ari dira uneotan Sasoetako gimnasioan.

Bazkari multikulturalaren argazki-galeria