Euriak ez du oles egitea galarazi

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ots. 4a, 20:45

Atez ate, kalez kale eta auzoz auzo, ohitura zaharrak berritu dituzte aurten herriko hainbat taldek Santa Ageda bezperan. Eguraldi txarrari desafio egin eta oles egiten ibili dira arratsaldean zehar.

Arratsaldeko seiak pasatxo abiatu dira herriko hainbat talde, bakoitza bere aldetik, herriko kale eta auzoetan barrena Santa Ageda bezperan, makilak eskuetan eta koplak ahoetan. Euria eta giro goibela ez dira oztopo izan oles egiteko. 

Zabaletako auzotarrentzat urte berezia izan da aurtengoa: 25 urte bete ditu auzo-elkarteak aurten. Aurten ere ez dute hutsik egin eta Antonio Blas plazatik abiatuta inguruko etxe eta baserrietara joan dira kantuan.

Erketz dantza taldeko kideak ere animatu dira Santa Ageda bezperan irtetera, urteroko usadioari jarraiki. Euren lokal berritik (KZGune zaharretik) atera eta erdigunean zehar ibili dira, hainbat kale eta tabernatan.

Xumela abesbatza eta bertso eskolako kideak ere ikusi ahal izan dira arratsaldean herrian zehar. Jalgi Kafe Antzokitik abiatuta, urteroko geldialdia egin dute Brigitarren komentuan, eta erdigunetik ibili dira eurak ere ondoren.

Taldeen bideoak