Hasiera ederra Gipuzkoako herriarteko txapelketari

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko ots. 4a, 12:29
Lasarte-Oriako Bertso Eskola eta Aiako Aia eta Kitto bertsotan aritu ziren atzo iluntzean Arrieskalleta elkartean, bapo afaldu ostean. Epaileek erabaki zuten hobeto aritu zirela lasarteoriatarrak: hamabost puntu jaso zituzten, eta bederatzi aiarrek.

Lasarte-Oriako eta Aia eta Kitto eskolen artekoa izan zen Gipuzkoako herriarteko txapelketako atzoko saioa. Gaietako bat bi izan zen esatea zertan diren desberdinak bi herriak. Iñaki Gurrutxaga aiarrak bota zituen batzuk, baina antzekotasunak ere badituztela nabarmendu zuen: "Bi herrietan dago bertsotarako giro alaia". Frogatuta geratu zen hori atzo iluntzean, Lasarte-Oriako Arrieskalleta elkartean. Giro ederrean aritu ziren kantu-kantari bi eskoletako kideak, bertso afarira hurbildu ziren ikusleen aurrean.

Ane Labaka, Unai Muñoa eta Asier Azpirozek osatu zuten lasarteoriatarren taldea. Aiako eskolaren izenean, berriz, Aritz Hernandez, Jokin Zumeta eta Iñaki Gurrutxaga aritu ziren. Uxue Loinazek egin zituen gai-jartzaile lanak. 

Dastatutako afariari buruz hitz egitea, Santa Ageda, Aiatik Lasarte-Oriara lanera etorritako gazte baten eta Aian baserri bat erosi duen lasarteoriatar baten ikuspuntuak, bi herrien arteko desberdintasunak, bietako zein ote den politena, aiarren kronika atzoko saioari buruz edota Zubietan egiten hastear diren erraustegia. Bistan denez, gaiak desberdinak eta orotarikoak izan ziren; imajinazioz eta umorez egin zieten aurre horiei bi eskoletako bertsolariek. Barre-algarak eta txaloak ez ziren falta izan saio osoan zehar.

Lasarte-Oriako eskola garaile

Atzoko saioan behin eta berriro nabarmendu zuten bertsolariek euren arteko lehia ez zela garrantzitsuena, giro ederrean eta lagunartean bertsotan aritzea baizik. Halere, Gipuzkoako herriarteko txapelketaren baitakoa izan zenez jarduna, epaileek bi taldeen lana baloratu zuten. Bertsolari bakoitzak agurra abestu bitarteko tartea baliatu zuten deliberatzeko: Lasarte-Oriako bertso eskolak hamabost puntu bildu zituen, eta bederatzi aiarrek. 

38 talde lehen fasean

Hasi berri den lehenengo fase honetan Gipuzkoa osoko 38 talde ariko dira, beste hainbeste saiotan. Martxoaren 9ra arte iraungo du.

Hiru taldeko hamar multzo daude, eta lauko bi; bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da bigarren fasera.