Polifonia eta folklore arratsaldea Brigitarren komentuan

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urt. 28a, 21:56

Eskuak nekatzeraino jo dituzte txaloak Aretxabaletako Abesbatzaren emanaldiaz gozatu duten herritarrek, Brigitarren komentuan. Danok Kidek antolatutako Musika Topaketen baitakoa izan da gaur arratseko emanaldia.

Angel Barandiaran zuzendariak gidatutako Aretxabaletako Abesbatzak emanaldi ederra eta atsegina eskaini du gaur arratsaldean Brigitarren komentuan. Bertara gerturatu diren herritarrek gogotik gozatu dute koruko kideen doinuekin, eta txalo-zaparrada luzeekin saritu. Danok Kide elkarteak urtero-urtero antolatzen dituen Musika Topaketen baitakoa izan da gaurko emanaldia.

Bi zatitan banatutako emanaldia eskaini du abesbatzak. Lehenengoan, doinu polifonikoak izan dira protagonista: Gregoriano Discantoren 'Catholicorum Concio', Palestrinaren 'Exultate Deo' edota B. Legarraren 'Cantico Espiritual', besteak beste. Horrez gain, Vicente Goikoetxea konpositore aramaiotarraren heriotzaren mendeurrena izaki, sortzaile horren pare bat obra ere interpretatu dituzte: 'Ave Maria' eta 'Miserere'.

Bigarren zatian aldatu egin dute erregistroa, folklorea hartu baitute oinarritzat. Jose Ignazio Ansorenaren 'Behin edo behin', Luis Iruarrizagaren 'Olerkiari zaharren abestia' edota Pablo Sorozabalen 'Kanta berri' eta 'Urzo luma' doinuak interpretatu dituzte, besteak beste. Zati horretan Jose Luis Franzesenak lagundu du abesbatza, teklatua joz.