Berriketan eta hausnartzen

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urtarrilaren 28a

Dozenaka herritar gerturatu dira gaur goizean Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretora, Lasarte-Oriako Gure Esku Dagok antolatutako 'Berriketan' saiora. Erabakitzeko eskubidearen ideia jaso eta ulertzea, horri buruz gogoeta egitea eta beharbada gaur arte elkar ezagutzen ez zuten herritarrek elkarrekin gai horri buruz hitz egitea izan dira helburu nagusiak.

Herritarrak taldeka banatu eta berriketan hasi aurretik, Unai Apaolaza filosofia irakaslearen laguntzaz erabakitzeko eskubideari buruzko hainbat kontzeptu zertan diren ikusi eta argitu dute: subjektu politikoa zer den eta, batez ere, zerk egiten duen azaltzeaz gain, erabakitzeko eskubideak aldebakartasunaren bidetik ere zabal ditzakeen ate berriak nabarmendu ditu.

Apaolazak bukatu eta gero, saiora gerturatu diren herritarrak taldeka banatu eta euskaraz zein gazteleraz euren kezka eta ideiak plazaratu dituzte. Gure Esku Dagoko kideek hainbat adibide jaso dituzte: 'Zein da erabakitzeko eskubidea izatearen edo eskubide hori gauzatzearen arteko aldea?', 'Nola heldu jende anitzagoarengana?' edota 'Independentziarako bidean, aurreko urratsa al da maiatzeko galdeketa?'.

Gaur goizean zehar burututako saiotik hainbat hausnarketa eta ideia aterako dituzte Gure Esku Dagoko kideek. Iragarri dute "datorren astean" erabakiko dutela maiatzaren 7an egingo duten herri galdeketaren galderaren edukia.