Alor sozioekonomikoan elkarrekin lan egiteko eskualde mailako hitzarmena sinatu dute Beterri Buruntzako sei udalek

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urtarrilaren 27a

Beterri-Buruntza da eskualde mailako garapen agentziarik ez daukan bakarra. Bide horretan lanean ari dira, baina bien bitartean, eskualdeko sei udalek (Lasarte-Oria barne) hitzarmen bat sinatu dute elkarlanean aritzeko. Hitzarmenari esker tokiko garapena, sustapen ekonomikoa eta enpleguarekin lotutako programak eta politikak (orain arte bakoitzak bere kasa egin ditu) modu bateratu eta koordinatuan jarriko dituzte martxan.

Andoainen elkartu dira gaur goizean Beterri-Buruntzako sei udaletako alkateak, alor sozioekonomikoan elkarlanean aritzeko eskualde mailako hitzarmen bat sinatzeko. Astigarragako alkate Zorione Etxezarraga, Hernaniko Luis Intxauspe, Lasarte-Oriako Jesus Zaballos, Urnietako Mikel Pagola, Usurbilgo Xabier Arregi eta Andoaingo Ana Karrerek hartu dute parte ekitaldian.

Karrerek azaldu duenez, "urrats garrantzitsua" da hitzarmena sinatzea, arlo sozioekonomikoan sei udalek egiten dituzten urratsak "eraginkorragoak" izango direlako eta herritarrei eskainiko zaien zerbitzua "osatuagoa eta hobea" izango delako. Buruntzaldea da eskualde mailako garapen agentziarik ez daukan bakarra. Bide horretan lanean ari dira, baina bien bitartean, aipatu sei udalek hitzarmen bat sinatu dute elkarlanean aritzeko. Hitzarmenari esker tokiko garapena, sustapen ekonomikoa eta enpleguarekin lotutako programak eta politikak (orain arte bakoitzak bere kasa egin ditu) modu bateratu eta koordinatuan jarriko dituzte martxan.

Bi batzorde

Hemendik aurrera enplegu planak, ekintzaileentzako eta enpresentzako zerbitzuak eta sektoreko foroak elkarlanean, sei udalek jarriko dituzte abian. Antolakuntzari dagokionez, batzorde ezberdinak erabiliko dituzte: kudeatzailea, batetik, eta koordinazio teknikoa eta administratiboa eramango dutenak bestetik.

Kudeatzailea hamabi ordezkari politikok osatuko dute. Udal bakoitzetik bi, udalbatzarretan izendatuko direnak. Batzorde horrek eskualdeak tokiko garapenean eta sustapen ekonomikoan izango duen estrategia ezarriko du. 

1.290.976 euroko aurrekontua

Finantzazioari dagokionez, hitzarmen honetatik sortzen diren plan eta programak sei udalek urtero egingo dituzte ekarpenen bidez finantzatuko dira. Udal bakoitzaren ekarpena Aldunditik jasotzen duen funtsaren araberakoa izango da. 2017ra begirako aurrekontua: 1.290.976 euro. Diru horrekin finantzatuko dituzte udalek Beterri-Buruntza eskualdean aurten sustapen ekonomiko eta enplegu alorreko programa eta zerbitzuak.

Lau urteko iraupena dauka hitzarmenak. Garapen agentzia edo antzeko erakunderen bat epe horretan sortuko balute, ordea, hitzarmena bertan behera geratu eta erakunde berri horrek hartuko lituzke bere gain programak, zerbitzuak eta proiektuak.