Bosgarren edukiontziaz lau egia gehi bat

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urtarrilaren 26a

Lasarte-Oriako Udalak hondakin organikoak gaika biltzeko bosgarren edukiontzia jarri berri du martxan hilabete honetan, eta honen inguruko balorazio kritikoa egiteko agerraldia egin zuen Aire Garbiak atzo iluntzean, Manuel Lekuona Kultur Etxean

Hilabete honetan iritsi dira Lasarte-Oriako kaleetara hondakin organikoak gaika biltzeko edukiontzi marroiak.Horrela herriko 1.000 familiak baino gehiagok eman dute izena  egitasmoan parte hartu, eta hondakinen birziklapenean beste urrats bat emateko asmoz.

Martxan jarri berri den egitasmo honen erabilera bultzatu nahi du herriko Aire Garbia plataformak, baina modu kritikoan egiten du deia.

Atzo iluntzean, Manuel Lekuona Kultur Etxean egindako agerraldian, bosgarren edukiontzia martxan jarri izanaren balorazio kritikoa egin zuten plataformako kideek. 
Lehen azalpenean, bosgarren edukiontzia 'berandu' iritsi dela azaldu nahi izan zuten;  'Gipuzkoako gainerako udalerriekin alderatuta, Lasarte-Oria izango da, seguru asko,  zabor organikoa gaika biltzeko aukera emango duen Gipuzkoako  azken Udala'.

Horrekin batera, 5. edukiontzia ezartzeko aukeratu den sistema 'eraginkortasun eskasenekoa' dela ere gehitu zuten, eta horrekin batera, plataformaren ustez eraginkorragoak diren Zegama eta Olaberriako sistemak ekarri zituzten gogora.

Birziklatze tasen inguruan hitz egin zuten gero. Lasarte-Oriak, erreferentzia gisa erabiltzen den %60ko birziklatze tasa nekez lortuko duela uste du plataformak. Honekin batera, Udalak datu horiek errebisatzeko eta beharrezkoa balitz neurri zuzentzaileak hartzeko eperik aurreikusi ez duela ere gehitu zuten.

Balorazio kritikoarekin jarraitzeko, zabor-tasak izan ziren hizketarako gai. Horri dagokionean, bosgarren edukiontzia iritsi denetik udalak zabor-tasen tasa finkoa mantendu duela gogorarazi nahi izan zuten; 'horrela, birziklatzen ez dutenak  dute abantaila, birziklatzaileen kaltetan. Birziklatu ala ez, tasa bera ordaindu behar denez, birziklatzen duten herritarrak beraien diruarekin finantzatzen ari dira besteen axolagabekeria'.

Baina egia hauek guztiak azalduta, honako hau ere kontuan izan zuen plataformak asteazkeneko agerraldian. Hemendik aurrera, hondakin guztiak gaika biltzeko herrian izango diren koloretako edukiontziak arduraz erabilitzen dituen herritarrak, etxeko zaborraren %90 gaika bildu ahal izango duela. Ondorioz, ekitaldiaren amaieran, 5. edukiontzia erabiltzeko deia luzatu nahi izan zien herritarrei.

Edukiontziaren erabilpena 
Bihar amaitzen da edukiontzi marroiaren kanpaina eta, Artelatz Ingurumen Zerbitzuak azken egunotan edukiontzi marroia erabiltzera animatu nahi ditu herritarrak.