"Kulturaren %99 instituzio eta merkatu handietatik kanpo dago"

maider-azurmendi 2017ko urt. 25a, 13:07
Jokin Telleria herritarra da Kultura Alternatiboa egitasmoaren sortzaileetako bat, larunbatean DOKAn Euskal Herriko artea eta kulturaren egoeraz gogoeta egiteko gune irekia antolatu dute. Gaian interesa duten herritarrak honetan parte hartzera animatzen ditu.

Kultura Alternatiboa eta oinarrizko kultura sustatzeko plataformak hirugarren Gune Irekia egingo du Donostian larunbatean. Honen sortzaile eta sustatzaileetako bat da Jokin Telleria herritarra. 

Berak azaltzen duenez, "KA, bi Gune Irekien ondorioz sortu zen. 2012 eta 2014 urteetakoak. Bi ideia nagusi azaleratu ziren lehenenegoan; elkartasuna eta oinarrizko kultura. Horrela, oinarri horiekin, bigarren Gune Irekia antolatu genuen, eta KA jaio zen, behar horien erantzun gisa".

Egitasmoan 350 kide dira egun, 20 topaketa eta 250 emanaldi artistiko inguru egin dituzte bi urteko ibilbidean. 

Jokinek, Xpressionk bezala, "lehenengo bi gune Irekiak antolatu nituen Xavi Minguez lagunarekin. Nire proposamena izan zen KA sortzea, baina modu kolektiboan, izan ere, hori da KA-ren indarra eta berezitasuna".

Telleria, KA-ren koordinatzailea da "topaketak antolatu, administrazioa eraman, lantaldeak koordinatu etab. Baina azpimarratu behar da kudeaketa horizontala dela eta KA Topaketetan dena erabakitzen da. KA aktibismo hutsean oinarritzen da (behintzat gaur egun arte), eta artistak dira kobratzen dutenak".

KA, oinarrizko kultura eta kultura alternatiboa sustatzeko proiektua da. "Oinarrizko kultura, kulturaren %99-a bezala ulertzen dugu, hau da, kulturaren gehiengoa, instituzio eta merkatu handietatik at dagoen kultura hori. Gainera, nahiko modu prekario, ikusezin eta atomizatuan dagoen kultura dela uste dugu, eta ondorioz, egoera horri aurre egiteko proposatzen dugu KA. Plaza ireki bat, guztion artean hitz egiteko, kolaboratzeko, baliabideak lortzeko, ikusarazpena lortzeko,… baliabide sozial bat alegia, egoera pixkanaka eraldatzeko".

Larunbatekoa hirugarren gune irekia da eta eztabaida gaia ‘artea eta kultura Euskal Herrian’ izango da. "Gune irekiek jende kopuru handia biltzen dute gai bati buruz hitz egin, eztabaidatu, hausnartzeko. Eta gaur egun hau, KA-tik haratago, beharrezko dela uste dugu bai kultura edo beste edozein alorrean. Ia dena politizatuta dago, eta zaila da askotan gizartean eztabaida sano bat. Beraz, berriz plaza %100-ean irekitzea pentsatu dugu, ea jendeak zer dioen arte eta kulturaren gaur egungo egoeraz".

Parte hartze irekia
Proposamenak egiteko espazioa,  "mugarik gabe, baldintzarik gabe, aurreiritzirik gabe eta rollo txarrik gabe. Eztabaida, sanoa eta beharrezkoa delako, istilua beti ez delako zerbait negatiboa izan behar ondo kudeatzen bada".

Kasu honetan, Artea eta Kulturari buruz arituko dira. "Oso gai zabala, horregatik marko honen barnean, esan bezala, parte-hartzaileek nahi dituzten gaiak proposatu ahalko dituzte, hitz egin, hausnartu, eztabaidatu,… eta irtenbideak lortu edo ez. Kasu honetan, oso profil ezberdinak izango ditugu bertan, bai artistikoki, profesionalki edo herritar motarengatik. Hemendik suertatzen dira askotan ideia eta proposamen interesgarrienak, eztabaida sakon baten ondorioz".

Jokinen ustetan, "badirudi gizarte artistiko eta kultural bat sortzeko grina galdu dugula, gizartearen oinarriak direla ahaztuta. Denok gara joko honen parte, eta bada garaia parte aktiboa izateko kultura eta artearen esparruan".

Jokinek gaiaren inguruan interesa duten herritarrak gonbidatzen ditu topaketa berezi honetan parte hartzera. 10:00etan hasiko da, “atsedenaldiak egongo dira eta denok batera bazkalduko dugu DOKAn bertan. Gehienez, 17:00ak arte egongo gara. Bakarrik tarte batean etorri daiteke ere”.

Parte hartzea doan da baina aurrez info@kulturaalternatiboa.com helbidean izena eman beharko dela azpimarratu du Telleriak.