Bigarren itzuliko derbian ere ISU Leihoak garaile (7-2)

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko urt. 21a, 20:53

Lehenengo itzulia bezala ekin dio bigarrenari ISU Leihoakek, Cecilia Kebab Lasarte Ostadarren aurkako derbian nagusituz: 7-2 irabazi dute Eneko Molinarenek. Richard Oribe igerilari donostiarrak egin du norgehiagokako ohorezko saria.

Richard Oribe igerilari donostiarrak omenaldi goxoa jaso du gaur Maialen Chourraut Udal Kiroldegian. ISU eta Cecilia Ostadarren arteko derbia hasi baino lehen, bi taldeekin batera argazkia atera, Ostadarren kamiseta bat jaso eta ohorezko sakea egin du, ikusle eta bi taldeetako kideen txalo artean. Bere ibilbide oparoan zehar hainbat domina irabazitakoak jasotakoa ez da izan arratsaldeko aitortza bakarra, ordea: areto-futbolak ere jaso du omenaldia, derbia jokatu duten bi taldeek ikuskizun polita eskaini baitute gaur arratsaldean. Eta, horrez gain, ISUk Jon Merino taldekideari babesa emateko kartel bat ere erakutsi dute. Atezaina belauneko lesio bati aurre egiten ari da.

Erritmo bizian hasi da norgehiagoka. Ostadarrena izan da lehenengo abagune garbia: bigarren minutuan jokaldi ederra egin du Oscar Garciak, baina Joseba Rekondo atezainak 0-1ekoa eragotzi du, geldiketa bikaina eginez. Hortik aurrera, apurka-apurka ISU hasi da agintzen eta aukerak sortzen. Hirugarren minutuan zutoina jo du Andoni Altolagirrek, jaurtiketa zital batekin. Handik gutxira Lander Martinek egin ahal izan du 1-0ekoa, baina gora joan zaio baloia. Lehenengo minutuak bizi-bizi igaro dira, eta gero orekatu egin da neurketa. ISUk jarraitzen zuen baloiaren jabe izaten, eta Ostadar arriskua sortzen saiatu da kontraerasoan. Halere, 0-0ekoak jarraitzen zuen markagailuan.

Areto-futbolean, dena den, une batetik bestera ikaragarri alda daitezke gauzak. Gaur gertatutakoa izan da adibide garbia: 22. minutura arte orekatu samarra izan da herriko bi taldeen arteko partidua, baina 23. minututik 27.era arte erabat irauli da guztia. Hiru gol sartu ditu ISUk, bata bestearen atzetik. Lehenengoa Andoni Altolagirrek eskuratu du, jokaldi pertsonal polita egin eta jaurtiketa indartsu batekin baloia sareetara bidaliz. Min egin dio gol horrek Ostadarri, eta hori baliatu du ISUk beste bi gol sartzeko. Jon Arozenak egin ditu biak. Laugarrena ere gertu izan dute Eneko Molinarenek, baina Lander Martinen jaurtiketak langa jo du. Hortaz, 3-0ekoarekin iritsi dira atsedenaldira.

Saiatu bai, baina ezin

Lehenengo zatian egindako lan ona harraskatik behera joan zaio Ostadarri azkeneko minutuetan, baina 3-0 galtzen joanagatik ere ez dute amore eman, eta aldea murrizteko asmoz kantxaratu da atsedenalditik bueltan. 3-1ekoa sartu du ISUk bere atean, baina gero bestean ere asmatu dute, 4-1ekoa ezarriz. 4-2 hurbildu da Ostadar berriro, baina ISU ez zegoen prest urdin-beltzei aukera bakar bat ere emateko, eta beste hiru gol sartu ditu, 7-2koa ezarriz. Eneko Molinaren taldeak bolada bikainean dagoela erakutsi du gaur ere: azkeneko bi partiduetan hamasei gol sartu ditu. Ostadarrek gaurko emaitza ahaztu eta lanean jarraitzea besterik ez du. Oscar Lanuza eta Iñaki Mendo jubenilek gaur egindako lana azpimarragarria izan da.

  • ISU Leihoak: Joseba Rekondo (1), Aitor Hernando, Andoni Altolagirre (1), Jon Arozena (2), Lander Martin (hasierako bostekoa); Alfonso Molinero, Roberto Garcia (1), Arkaitz Arroyo, Unai Ituarte (2) eta Miguel Ciganda.
  • Cecilia Kebab Lasarte Ostadar: Aitor Sanz, Iñaki Francisco, Oscar Garcia (1), Javi Vecilla, Oscar Lanuza (hasierako bostekoa); Yilson Macias, David Pinero, David Garcia, Yosu Lopez, Iñaki Mendo eta Sergio Pelaez.

Sailkapena

Gaurko garaipenarekin, ISU Leihoakek playoffetara sailkatzeko lehia betean jarraitzen du. Seigarren postuan da uneotan (lau sailkatzen dira igoerarako kanporaketak jokatzera), 26 punturekin, baina hirugarren sailkatuarengandik puntu bakarrera daude Eneko Molinarenak. Gaur bezala jokatzen jarraituz gero, hortxe ibiliko dira aurten ere.

Ostadarrek aurtengoa du lehenengo urtea kategoria honetan, eta lan ona egiten ari da: 14 puntu bildu ditu, eta jaitsiera postuak urruti dauzka oraingoz. Bigarren itzuli honetan puntu-koltxoi hori mantentzen eta ahal dela emaitzak hobetzen saiatuko da Edu Menak gidatutako taldea.

Gaurko partiduko irudiekin osatutako argazki galeria