Udalak positiboki baloratu ditu edukiontzi marroiaren lehenengo kanpaina egunak: "Herritarrak aktiboki ari dira parte hartzen; lehenengo hiru egunetan 1.000 familiak baino gehiagok eman dute izena". Aipatu kanpaina horren azken eguna datorren asteko larunbata izango da, hilak 28. Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu du, Udalak zehaztu duenez.
Izena eman nahi duten herritarrek bi aukera dituzte: joan daitezke Antonio Mercero gunean dagoen informazio-bulegora, 09:00etatik 13:00era, edo, bestela, egunez egun herriko puntu desberdinak bisitatzen ari den gune ibiltarira ere hurbildu daitezke. Kanpainan apuntatzerakoan honako materiala jasoko dute herritarrek: edukiontzi marroia irekitzeko txartel elektroniko bat, biohondakinak etxean jasotzeko ontzia, 75 poltsa konpostagarri eta aipatu edukiontzira bota behar diren hondakinei buruzko informazio-liburuxka (ekoizle bereziei 40 litroko ontzia eta poltsa konpostagarri handiagoak emango zaizkie). Izena ematerakoan, etxearen jabe den familiako kideari NAN zenbakia eta izen-abizenak eskatuko dizkie arduradunek.
Edukiontziak erabilgarri jada
Biohondakinak edukiontzi marroietara bota ditzakete honezkero herritarrek, martxan baitaude. "Gogorarazi nahi dugu poltsa konpostagarriak erabili behar direla hondakin horiek jasotzeko, inola ere ez plastikozkoak", ohartarazi du Udalak.
Kanpainari buruz edo edukiontzi marroiari buruz zalantzaren bat daukatenek 900 10 43 42 telefonora hots egin dezakete, astelehenetik ostiralera, goiz (09:00etatik 14:00etara) zein arratsaldez (15:00etatik 18:00etara).