Zer eraiki asmo dute Zubietan?

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urt. 20a, 10:19
Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietan eraiki nahi duen Ingurumen Gunea zeresan handia ematen ari da aspaldidanik, baina bereziki uztailaz geroztik gaiak hartutako bide judizialak, hauts guztiak harrotu ditu.

 

2002-2016 Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Nagusia 2002ko abenduaren 17an onartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. 
Hasiera batean, Urnietako Erratzu industrialdea aurreikusi zuen erraustegia kokatzeko eremu gisa. Herri ekimenen indarraz, azkenean erraustegia atzera botatzea lortu zuena 2004 urtean. Saiakera hark huts eginda, Hondarribiako Zaldunbordan, erraustegi bat eraikitzeko proiektua azaldu zuten Irun, Hendaia eta Hondarribiko agintariek, baina saiakera hura ere bertan behera geratu zen 2008. urtean. 
Erraustegia eraikitzeko bi leku horiekin batera, izan ziren beste batzuk ere; Donostiatik lau kilometrora dagoen Aritzetan, Landarbason, eta herri erdigunetik 2  kilometrora dagoen Zubietako lur sailean, hain zuzen. 
Azken honek, hondakinen kudeaketarako gudu zelai izaten jarraitzen du orduaz geroztik.
Ingurumen Gune berria, zabortegien kopurua ahalik eta gehien murrizteko 2002. urtean Batzar Nagusiek onartutako Gipuzkoako Hiri Hondakinak kudeatzeko Plan Integralaren (GHHKPI) baitan aurreikusi zen, nahiz eta lehen proiektuarekin alderatuta aldaketaren bat izan baduen.
Urte amaierarako erraustegia eraikitzen hasteko asmoa adierazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak; ‘hondakinen arazoari erabateko konponbidea emango dion zentroa’, horrela adierazi zuen Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatuak, Markel Olano Ahaldun Nagusiarekin batera egindako agerraldian. Zubietako lur sailerako eraiki asmo duten Gipuzkoako Ingurumen Gunearentzat, lau tratamendu planta aurreikusten dira; Tratamendu mekaniko-biologikoko (TMB) zentro bat, errefusean agertzen diren eta birzikla daitezkeen materialak berreskuratuko dituena; energia balioztatzeko planta bat, bi linea lituzkeena, eta 150.000 tona erretzeko eta elektrizitatea sortzeko aukera emango lukeena, biometanizazio planta bat, eta Zepen heltzerako zentro bat. Horrekin batera, etengabeko emisio-kontrolak ezarriko direla ere adierazten dute Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak eskegitako dokumentuan. 


'Gipuzkoarentzat onurak'
Dokumentu horretan bertan, Ingurumen Gune berriak, Gipuzkoari onura ugari ekarriko dizkiola ere adierazten da; horien artean, berotegi- efektuko gas emisio txikiagoak zabalduko lituzkeela. 
Honekin batera, zorupea eta lurpeko urak kutsatzeko arrisku txikiagoa aurreikusten da eta ingurumen kontrol hobea. 
Bolumenari dagokionean, %97/98 murriztea lortuko litzatekeela ere adierazten da, baita zabortegiak baino espazio gutxiago okupatuko lukeela ingurumen gune berriak, eta aldi berean, azken horien ia erabateko  desagertzea ahalbidetuko lukeela. 
Energia iturri ere izango litzateke; urtean 160.000 MWh-ko elektrizitatea sortuz; 40.000 etxebizitzen kontsumo elektrikoaren baliokidea litzateke hori. 
Guzti honekin batera, teknologia jarduera ekonomikoa eta lanpostu espezializatuak sortzea ere aurreikusten da, Zubietako eraikuntzaren bitartez sortuko liratekeenak.
Aurkezten duten azken onura gisa, Ingurumen Gune berriaren bidez, Gipuzkoak ez lituzke bere hondakinak kanpora eraman beharko.


'Beharretara egokituta' 
Horrela adierazten du GHKak web orrian eskegitako  dokumentuak. 
Bilketa selektiboa %65 arte handitzeko Europak ezarritako helburuen ondorioz, 'Zubietako instalazio berria, 2009an proiektatutakoa baino txikiagoa da, balorazio energetikoarekin erraustu beharreko bolumena murriztu delako; 200.000Tntik 150.000Tnra.
Ingurumen Gune berri hori ordea, Lasarte-Oriatik 2 kilometrotara dago kokatua, eta horrek, herritarren osasunean eta ekonomian ekarriko dituen ondorio kaltegarriak ikertu eta argudiatuta, hainbat herri mugimendu lanean ari dira errauste planta eraikitzearen aurka.
Denek hala denek dute helburu bat eta bakarra; ez dadila erraustegirik eraiki, eta lanketa horretan, asko dira Lasarte-Orian eta inguruko herrietan sortutako herri plataformak eta mugimenduak.

"Herritar gisa ez dago proiektu hau ulertzerik"

Susan Martinez, Bea Egizabal, Miren Zaldua Landaberri Guraso Elkartea, Zubietan eraiki asmo duten erraustegiak seme-alaben osasunean izan ditzakeen eragin kaltegarriekin kezkatuta, gaiaren inguruko lanketa egitea erabaki zuten. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietako lur sailean erraustegia egiteko proiektua agertu zuenean kezkatu zen Landaberri Guraso Elkartea, eta irtenbide bat bilatu nahian, informazioa zabaldu eta zalantzak argitzeko lanketari ekin zioten. 


Zergatik erabaki zenuten hondakinen afera honen harira Landaberri Guraso Elkarte bezala lanketa bat egitea? 
Seme-alaben eskoletatik metro gutxietara eraiki nahi duten erraustegiak osasunean sor ditzakeen ondorio kaltegarriak ikusita, lanketa bat egitea erabaki genuen. 
Landaberri eraikina (LH 3-4-5 eta 6) da errauste plantatik gertuen dagoena, 1,4 kilometroko distantziara baitaude bertan ikasten duten 400 ikasleak. Horiekin batera, baita gainerako  eskoletako haurrak ere; Garaikoetxea eraikina (HH eta LH 1-2) 2,3 kilometrotara dago, eta Landaberri DBH berriz, 2,2 kilometrotara. 


Nolako lanketa egin duzue Guraso Elkarte moduan? 
Bi norabidetan egin dugu gure lanketa; batetik, informazioa ahalik eta gehien zabaldu nahi izan dugu gure komunitatean, hau da, irakasleen eta gurasoen artean; eta bestetik, gure agintariei ere informazioa eskatzea erabaki genuen.
Bide horretan zein pauso eman dituzue? 
Bi eskera egin genizkion gure organo gorenari; lehenik,  eskoletan ‘Errausketarik ez’ zihoen pankarta bat jar zezala, eta bigarrenik, ingurugiro diputatua den Jose Ignazio Asensiori eta Gema Gonzalez de Txabarri hezkuntza ordezkariari gutun bana igorri genizkien. Erraustegiaren kontrako hainbeste argudio entzunda, gure kezkak eta beldurrak adierazi genizkien igorritako idatzi horretan, eta aldi berean, horiek argitzeko eskatzen genien.


Eta herritarrei informazio zabaldu asmoz, zein ekimen antolatu dituzue?
Hainbat izan dira informazioa zabaldu asmoz herrian aurrera eraman ditugun jarduerak. Sasoetako Guraso Elkartearekin batera mahai ingurua antolatu genuen. Bertan, Maite Labiano pediatra, Domi Insausti erizaina, Iñigo Suberbiola, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko (OEIT) kide eta medikua, eta Juan Luis Murua parrokoa izan ziren. Bide batez, Gurasosek azaroaren 26rako deitutako manifestaziora joateko deialdia egiteko ere aprobetxatu genuen mahai inguru hura.
Biyak Bat helduen egoitzara ere gerturatu ginen, asmo berdinarekin. Informazioa zabaltzeko norabide horretan, hitzaldi parte-hartzaile bat antolatu genuen elkarteko kideekin batera, eta bertan ere gure kezkak agertzearekin batera, beraienak ere entzun ahal izan genituen.


Seme-alaben osasunarekin kezkatuta ere Gurasos taldea sortu zen. Izan al duzue harremanik beraiekin? 
Gurasos taldearen zenbait dinamika ere aurrera eraman ditugu, baina beti ere Landaberri Guraso Elkarteko norbanako gisa. Horien artean, azaroaren 26rako Gurasosek deitutako manifestazioaren berri emateko esku-orriak banatu genituen eskolan, eta taldeak martxan jarri zuen sinadura bilketan ere parte hartu genuen. Gutxienez, 12.000 sinadura behar ziren, eta guztira 15.000 lortu ziren; horietatik 4.000 bildu ziren Lasarte-Orian, hilabete batean. Hezkuntza ordezkariarekin ere bildu ginen, Gurasosek gonbidatuta.


Hondakinen kudeaketaren aferan, zein uste duzue dela gai honi irtenbide bat aurkitzeko bidea?
Osasunaren eta adostasunaren bidea. Ez dugu uste legitimoa denik hainbeste etxeetan, hainbeste familiatan eragingo duen proiektu bat, kontsensurik gabe, gehiengo osoz aurrera eramatea. Osasunean eragin ditzakeen kalteak agerian geratu dira, eta ezin daiteke ulertu horrelako proiektuek aurrera jarraitzea.
Bide batez, adierazi nahiko genuke, oso pozgarria izan dela Lasarte-Orian hondakin organikoak gaika biltzeko Udalak martxan jarri berri duen edukiontzi marroia.

"Lehen baino sinestuago gaude; erraustegia ez da egingo"

Ricardo Ortega eta Martin Anso Aire Garbia, Zubietako errauste plantaren aurka ari dira lanean.

Lasarte-Oriako Aire Garbia plataforma 2015eko udazkenean sortu zen. Herriko elkarte, norbanako eta eragile askoren artean sortu zuten. Beste hainbat herri plataformaren antzera, Zubietan, herritik distantzia oso laburrera eraiki nahi duten errauste plantaren aurka lanketa egiteko.


Zein helbururekin sortu zenuten Aire Garbia herri plataforma? 
Helburua oso garbia dugu, erraustegirik ez eraikitzea; beste herrietan nahi ez dutena gurean ere ez egitea. Helburu hori kontuan hartuta egin ditugu orain arteko ekintza nagusi guztiak: mozioak udaletxean, hitzaldiak, manifestazioak eta elkarretaratzeak, informazioa zabaldu eta kezken berri eman asmoz. 
Oso pozik gaude lortutako emaitza eta erantzunarekin.  Gure plataformaren eta beste talde batzuen lanari esker, milaka lagun elkartu ditugu ekintza ezberdin horietan guztietan. Bat nabarmentze aldera, 2016ko maiatzean, Donostiako Oncologikotik Gipuzkoa Plazara egin zen giza katean 1.200 lagunek parte hartu zuten Lasarte-Oriatik. Horrek asko esan nahi du herrian erraustegiak sortzen duen kezkaren tamaina handiari buruz.


Erraustegiaren Aurkako Taldeak azterketa ekonomiko bat eman zuen ezagutzera... 
Lasarte-Oriaren kasuan, 32 urteetan hondakinak errausteagatik zenbat ordaindu beharko dugun, jakin dugu Urbaser-LKS-Murias- Moyua-Altuna y Uriak enpresa multzoari  esleitu beharreko kontratua 32 urterako 768 milioi eurokoa izango omen dela. Horrela balitz, Lasarte-Oriak 489.806 euro ordaindu beharko lituzke urtean, hau da, 19.419.866 euro, 32 urte horietan, proiektuaren lehengo fasearengatik (Tratamendu Mekaniko-Biologikoa eta Balorizazio Energetiko Planta).
Ezarri nahi den eredu ekonomikoa atzerapauso izugarria da; europar joeretatik aldentzen da, ez baitu murriztea edo birziklatzea sustatzen; gehien birziklatzen dutenei  kaltetzen die gehien. 


Momentu honetan zertan zabiltzate? 
Hasierako lan berean ari gara; erraustegiaren mehatxuari aurre egiten. Zorionez, ez gara bakarrak, eta geroz eta gehiago dira gai honekin sentsibilizatu eta kezkatutako herritarrak. Une honetan ekintza ezberdinak antolatzen ari gara datozen aste eta hilabeteotarako. Zorionez, obren adjudikazioa etenda dago une honetan, eta hasieran baina sinestuago gaude; errauste planta ez da egingo. Garbi dugu Lasarte-Orian izugarri irabaziko dugula erabaki horrekin, baita proiektua bultzatu nahi duten alderdi politikoek ere, Lasarte-Oriako udal gobernuan agintean direnak, kasu, PSE-EE eta EAJ. Denon artean, erraustegia geldituko dugu.

"Beste metodo batzuk ikertu beharko lirateke "

Iñigo Suberbiola medikua eta OEITko ikerlaria, 2003. urtean sortu zen Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea eta herritarrei errauste plantak osasunean eragin diezazkiokeen kalteen berri eman nahi die.

2003 urteaz geroztik, hondakinen errausteak osasunean izan ditzakeen ondorio kaltegarriak ikertzen aritu da Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea (OEIT). Egun, Zubietan eraiki asmo duten proiektuarekin kezkatuta, berriro ere ikerketa lanari ekin diote herritarrei ondorio horien berri emateko asmoz.


Zer da erraustegi bat? 
Errauste planta, edozein zabor erretzeko labea da. Teorian, hondakin birziklagarriak ez lirateke erre beharko, baina, errauskailuak kudeatzen dituzten enpresentzat, papera, plastiko edo egurra erretzea, interesgarria da, konbustioa errazten baitu. Instalazioak, osasunerako kaltegarriak liratekeen isuriak ahalik eta txikienak izateko, iragazki eta mekanismo desberdinez hornituta daude, baina  tresneriaren funtzio txarrak, eskuz egindako lanen akatsek, kostu ekonomikoan jaitsierek eta mantenu ezegokiek, baimendutakoa baino isurtze toxiko handiagoa dakarrela;   isurtze oso handia batzuetan.


Zein dira errauste plantak sortzen dituen gaiak?
Funtsean hiru gai sortzen dira: errautsak, zepa eta tximiniatik isuritako gasak. Lehen biak, dioxina eta metal astunez osatutako hondakinak dira. Hauek zabortegi berezietara eraman behar dira eta luzera kutsakorrak izango dira. Tximiniatik isuritako gasek, substantzi bat baino gehiago dituzte:
Partikulatutako materiareba  edo mikropartikulena, gehien ikertu den gaia da. 


Eta mikropartikula horiek zein eragin dute osasunean?
Partikula txikienak, arnas bidera sartzen direnak, 0,1 um-koak dira, ultrafinak deritzotenak. Arnas bideko babes-sistema ez da gai partikula ultrafinak geldiarazteko eta birika albeoloetara eta odol-bideetara iristera dira, hori dela eta, giza osasunarentzat kaltegarriak suertatzen dira. Hala nola, arnas bideko gaixotasunetan eragina daukate, asman adibidez, eta arnas gaixotasunen ondoriozko heriotza goiztiarretan areagotzen dute, baita bihotz gaixotasunen ondoriozko heriotza goiztiarretan ere. Errauskailuen arazo garrantzitsuetako bat, sortzen dituen partikula gehienak, ultrafinak direla da, eta gainera, errauskailuen iragazkiek ezin dituztela partikula hauek atxikitu.
Atmosferako gasak ere giza osasunarentzat kaltegarriak diren gasen artean, hondakinen errausteak igorritako hiru gasik garrantzitsuenak dira. 


Zein hiru gas dira atmosferako gasek barne hartzen dituztenak? Zein gaixotasun eragin ditzakete?
Nitrogeno oxidoa da gehien kanporatzen den gasa, berehala oxidatzen da, oxido nitrosoa edo Nitrogeno dioxidoa (NO2) eratzeko, eta bereziki toxikotasunaren erantzulea dena. Bere kontzentrazio mailaren arabera, zenbait gaixotasun sor ditzake: birika edema, pneumonia, enfisema eta bronkiolitis obliteratzailea. 
Aerosol azidoa, mikropartikulen barruan sailkatzen dira, eta umeengan arnas aparatuarengan zuzeneko eragin desiragaitzak sortzearekin lortura dute, eta Anhidrido Karbonikoa edo Karbono dioxidoak, azkenik, (CO2), negutegi efektua dakar.


Metal Astunak ere tximiniatik isuritako gasen substantzia dira...                                                                                                                                                                                               

Metal Astunak, azken hamarkadan, teknologien hobetzea medio, metal astunen isuri mailak, Merkurioa salbu, nabarmen egin dute behera. Beraien toxikotasun maila ordea, oso handia da, eta Dioxinek zein Metal Astunek, joera berdina erakusten dute. Hau da, zenbat eta tximiniatik isuri txikiagoa izan, orduan eta Dioxina eta Metal Astun maila handiagoa ikusiko da errautsetan.

Aurrekoekin batera, beste substantzia toxikorik agertzen da?
Bai, Dioxinak, Furanoak eta poliklorobifeniloak. Hauek ez dira Naturan aurkitzen, sumendien edo baso-suteetan izan ezik; 800metrotatik beherako konbustio prozesuetan sortzen dira. Tenperatura hori gaindituz gero desegiten dira, baina hoztean, berriro sintetizatzen dira. Munduko Osasun Erakundearen esanetan,  «dioxinak “errepikapen-gaizkileak” dira ingurugiroarentzat. Gantzetan disolbatzeko gaitasuna eta egonkortasun kimikoa dela medio, dioxinek gorputzean duten bizitza-maila batez bestekoa 7 urtekoa da. Ingurumenean, dioxinak elikatze-katean atxikitzen dira, hala nola, elikatze-katean zenbat eta gorago jo, orduan eta maila altuagoan aurkituko dira. 


Zein ondorio izan ditzake substantzia honek osasunean?
Dioxina maila altu baten aurrean, ematen den epe motzeko esposizioak, pertsonengan azaleko arazoak eragin ditzake, cloraknea eta azalaren zatikako iluntzea esaterako, eta baita gibelaren funtzioan kalteak eragin ere.  Dioxinak ingurura isurtzen dituztenen artean, hondakinen Errauste plantak dira erantzule okerrenak. Ez dira erraz ezabatzen ingurumena edo gizaki multzoak kutsatu aurretik. Umekiak dira dioxinen esposizioaren aurrean kaltebera handiena jaso dezaketenak. Jaioberriek ere hainbat eraginen aurrean ahulenak izan daitezke.  Beste dioxina eta Furanoak ere, tumoreak sortzeko sustatzaileak direla frogatu da.  Gizabanakoan, halabeharrez policlorobifeniloekin kutsatutako elikagaiak jan ostean, hainbat eragin ikusi dira; azaleko lesioak, gibeleko lesioak, bronkitis kronikoa, immunoeskasia, gaitz hormonalak, neuropatiak; eta  kutsatutako amek izandako jaioberrietan, berriz, ume goiztiarrak, eragin endokrinologikoak, eragina garapen neurologikoan (garapen atzerapena eta haurtzarok garapen kognitiboaren atzeratzea), eta entzumen asaldurak. 
Ikerketa lanek datu hauek berresten dituzte. Estatu espainiarreko gizabanakoen produktu hauen batez besteko ahorakina, MOE-k gomendatutako eguneroko ahorakin onargarrien maila baina altuagoa da. 


Eta Hidrokarburo polizikliko aromatikoak? 
Hidrokarburo polizikliko aromatikoak, paperaren konbustioaren ondorioz sortutako benzopirenoak, tabakoa erretzearekin lotutako birika minbizien erantzule nagusietako bat dira. Asaldura hematologikoak ere sortzen dituzte (anemia aplasikoa) eta baita azaleko asaldurak ere. Horiekin, aurretik aipatutako mutazio genetikoak ere ikusi dira .
Hauekin guztiekin batera, gai ezezagunak ere asko dira. Ezagunak bezain toxikoak izan daitezkeela estimatzen da, Estatu Batuetako Ingurugiroaren Baserako Agentziaren arabera.


Errauste planta baten ondoan bizi den herritarrak zein osasun ondorio jasan ditzake? 
Errauste planta 10 kmko eremuan duenak minbizi arriskuaren areagotzea %3,5ean jasan dezake, hala nola, Ez-Hodking Linfoma, urdaileko minbizia, kolon-ondestekoa, gibelekoa, biriketakoa, eta laringekoa.Honekin batera, minbiziaren ondoriozko heriotza-tasaren areagotzea, eta_ bereziki pleura tumorea, urdailekoa, gibelekoa, giltzurrunekoa, obulutegikoa, biriketakoa, leuzemia, kolon-ondestekoa, eta maskurikoa, nahiz eta sexuaren arabera eragin ezberdina duten.
Heriotza orokorraren igoera eta emakumeengan, gaitz kardiobaskularren ondoriozko heriotzaren igoeran ere eragingo luke. 
Sortzetiko malformazioei dagokienean, arrisku igoera baieztatu da, bai erbi-ezpain zein gernu-aparatuaren akatsak, arantza-bifidoa eta gabezia kardiakoak.
Ondorioz, gas isurien eta hondakin toxikoek arteko lotura, eta  gizakiarengan duten eragin kaltegarria agerian gelditu dira; osasun publikoari dagokien erabaki guztien ardatz beharko lukeen zuhurtzia-printzipioan oinarrituta, hondakinen kudeaketarako beste metodo batzuk ikertu beharko lirateke.