Gurasoak seguru sentitzeko tailerrak antolatu ditu Lasarte-Oriako Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urtarrilaren 21a

6-11 eta 12-18 urte bitarteko haur eta nerabeen gurasoei zuzendutako hiru monografiko izango dira Villa Mirentxun. Datozen hiru hilabeteetan zehar egingo dira; Otsailean, Martxoan eta Maiatzean.

Lehenengo lantegian, guraso eta seme-alaben arteko arazoak nola konpondu landuko da. Horrela, seme-alaben nerabezaro garaian sor daitezkeen arazoei nola aurre egin jakiteko zenbait gomendio jasoko dituzte bertaratzen direnek. Horien artean, arauak eta mugak ezartzea, maitasunean heztea, heziketa moduak, sari eta zigorrak, negoziaketak eta arazoen kudeaketa landuko dira.

6 eta 11 urte bitarteko haurren gurasoentzat, urtarrilaren 18, 25 eta otsailaren lehenean izango dira monografiko horretako lanketa saioak, eta 12-18 urte bitarteko gurasoentzat aldiz, otsailak 2, 9 eta 16ean.

Bigarrengoa berriz, familian zirrarak nola maneiatu ikasteko monografikoa izango da; emozioak izango dira aztergai.

Honek ere egun ezberdinak izango ditu seme-alaben adinaren arabera. Txikienen (6-11 urte bitartekoak) gurasoek, martxoaren 15, 22 eta 29an izango dituzte saioak, eta nerabeen (12-18 urtetakoak) gurasoek berriz, martxoaren 16, 23 eta 30ean.

Hirugarren eta azken tailerrean aldiz, seme-alabek harreman osasuntsuak izan ditzaten lagungarri izango diren zenbait gako emango dira. Horien artean, modu eraginkorrean berdinen arteko arazoak konpontzen laguntzeko, jazarpeneko egoerak kudeatzeko eta sare sozialetan segurtasuna eta pribatutasuna mantentzeko hainbat argibide emango dira.

Gaztetxoenen gurasoek maiatzaren 10, 17 eta 24an izango dute hitzordua, eta nerabeenek berriz, maiatzaren 11, 18 eta 25ean.

Udaletik jakitera eman dutenez, izen-emate epea zabalik da dagoeneko, eta horretarako, Villa Mirentxura gerturatu beharko dira interesa dutenak. Doakoak izango dira hiru lantegiak, eta arratsaldeko 17:30etatik 19:30etarako ordutegia izango dute.