Ostadar SKTren Kirol Egokitu eta Inklusio sailaren berri emateaz gain, gaurko agerraldian iragarri dute Kirol Egokitu eta Inklusio Eguna egingo dela datorren asteko asteartean, hilak 27. Horretan, erakutsiko dute kirol elkarteak eskaintzen dituen kirolak (saskibaloia, futbola, ipar-martxa...) beste egoera batean nola egin. Gurpildun aulki batean edo begiak estalita egin ahalko dituzte Okendo plazara gerturatzen direnek. 11:30etik 13:30era artekoa izango da ekitaldia.
"Ametsa bete da"
Hunkituta hitz egin du gaurko aurkezpen ekitaldian Jurgi Olasagastik, egitasmoaren arduradunetako batek. "Ametsa bete da, eskerrik asko egitasmo hau gauzatzen lagundu duzuen guztioi", adierazi du. Bera eta Amaia Cadarso izango dira atalaren arduradunak.
"Atal hau sortu zenean ideia zen Eskola Kirolaren kontzeptua, multikirola eta kirol aniztasuna, guretzat oso garrantzitsua baita, lantzen ditu balore asko kirolean errespetatu behar direnak. Kirol aniztasuna eta inklusibitatea uztartu nahi izan ditugu: proiektu inklusiboa, soziala eta Gipuzkoa mailakoa da", adierazi du Olasagastik.
Lasarte-Oria eta Ostadar SKT hautatu dituzte proiektua martxan jartzeko. "Horrelako egitasmo bat ezin da Udalerri bakarrera mugatu; Lasarte-Oria oso ongi kokatuta dago estrategikoki, oso ongi konektatuta inguruko udalerriekin; herri oso kirolzalea da, gainera. Eta zer hobe Ostadar SKTrengana jotzea baino: kirol atal ugari dauzkate, eta mugimendu urritasunagatik arduratuta daude, Lasarte-Oria Bai! krosean adibidez eskaintzen die aukera gurpildun aulkiko kirolariei parte hartzeko".
"Eskertzekoa da gugan pentsatu izana"
Aitor Azkonobietak hitz egin du gaurko agerraldian, Ostadar SKTren izenean. Eskerrak eman dizkie Jurgi eta Amaiari euren egitasmoa garatzeko Ostadarrengana jotzeagatik: "Ostadar SKTk uste du horrelako ekimenak bultzatu egin behar direla, inklusibitatea gizartearen alor guztietan hartu behar baita kontuan, baita kirolean ere. Alor hori dagokigu guri, eta uste dugu denon artean proiektu polita egin dezakegula".
Era berean, kirol elkartean aritzen diren kirolariak gonbidatu ditu hilaren 27an egingo den Kirol Egokitu eta Inklusio egunean parte hartzera.
Gazteentzako aukera berriak
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria eta Kirol Zuzendari Goizane Alvarezek hartu du hitza ondoren. Esker hitzak izan ditu proiektua gauzatzen lagundu duten guztientzako, eta nabarmendu haur eta gazteei kirola egiteko aukera berriak emango dizkiela.
Ostadar SKT zoriondu du, "egindako apustuarengatik eta erronkarengatik". Gehitu du klubeko kideentzat "oso aberasgarria" izango dela egitasmoa: "Asko ikasten da klub eta pertsona bezala". Michelin enpresaren ekarpena ere azpimarratu du: "Enpresa gipuzkoarrek parte hartzea ezinbestekoa da horrelako ideiak gauzatu ahal izateko; ez da soilik kirol programa bat, ona da gaztetxoen osasunerako eta sozializaziorako".
Instalazioak egokitu beharra
Lasarte-Oriako Udaleko Kirol zinegotzi Txus Alonsok ere eskerrak eman dizkie proiektua aurrera eraman dutenei. "Jurgi gugana etorri zenean egitasmoari buruz hitz egitera, ez geneukan dudarik hori babestearen inguruan", adierazi du. "Egia da gure herriko instalazioek ez dutela betetzen mugimendu urritasuna daukaten pertsonentzako araudia, ez daude egokituta, baina prozesuan gaude kiroldegi berri bat egiteko eta neurri horiek kontuan hartuko ditugu, nola ez, pertsona horiek kirolaz goza dezaten herrian".
"Ilusioz gainezka gaude"
Michelin fabrikaren izenean Felipe Garcia zuzendariak hitz egin du. "Enpresa bezala konpromiso handia daukagu gure inguru eta komunitatearekin, gu ere horren parte baikara. Horietara gerturatzen gaituzten ekimen ugari egin ditugu eta egiten jarraituko dugu. Honen berri izan genuenean, oso ilusionantea iruditu zitzaigun, guk babesten ditugun baloreetako asko baitauzka. Gure babesa edukiko duzue", adierazi du.
Ekitaldia amaitu aurretik, bideo bat ikusi dute bertaratutakoek. Horretan, ikusten dira Ostadar SKTko saskibaloi alorreko gazte batzuk, probatzen nola jokatu saskibaloian gurpildun aulki baten gainean. Mugimendu urritasuna daukaten zenbait gazte ere ageri dira jokatzen. Era berean, Amaia Cadarsok zehaztu duenez, gorrentzat azpitituluak eta itsuentzat audio-deskripzioak ari dira prestatzen.
Behin aurkezpena eginda, familia argazkia atera dute partaide guztiek.