Amaitzear den 2016. urtea, herriko euskararen arloko eragile askoren urtea izanik, euren testigantzak bildu eta historia bateratu bat osatu asmoz sortu dute dokumentala.
Otsaila aldera, 9.Maratoiaren lehen bilerekin batera hasi ziren ikus-entzunezkoa hezur-mamitzen. Horretarako, lagun talde bat elkartu eta Lasarte-Oriako hainbat eragilerekin hasi zuten harremana. Orotara, 20-25 lagunen testigantzak bildu eta dokumental ederra osatzera iritsi dira.
Atzo iluntzean ikusi ahal izan zen estreinakoz, herriko kultur etxean. Edu Galardiren, ikus-entzunezkoaren egileetako bat, eta Iñaki Arruti Lasarte-Oriako Udaleko euskara teknikariaren aurkezpenaren ostean ikusi ahal izan zen dokumentala.
1966. urtean Lasarte-Orian euskara eta euskal kultura hilzorian zela sentitu zuen gazte talde batek, eta biziberritzeko nahiez, mende erdiko ibilbidean zehar egindako lan eta ibilbideak bildu, eta agerian utzi zituen atzoko dokumentalak. Ikastolaren lehen pausuak, eskola orduak, udal-euskaltegia, sentsibilizazio-kanpainak, Euskararen maratoiak eta herrian, euskaraz bizi eta aritzeko egindakoari begirada bat bota ahal izan zien ikusleek, armairuaren zirrikitutik.