Urte luzean mendiko lanetan aritu ostean, arratsaldeko 17:00ak inguruan iritsi da Olentzero Lasarte-Oriara. Baina aurtengo bisitara ere, ez da bakarrik etorri; Mari Domingi, Porrotx eta Xixuko etorri dira ikazkinarekin batera.
Olentzerori ongi etorri beroa egin asmoz, jende ugari bildu da Loidibarrengo pilotalekuan, eta herriko gazte eta gurasoekin batera, kuadrillategiko eta gazte klubeko lagunak, Jalguneko kideak, eta Ttirriki-Ttarrakako musikariak izan dira, besteak beste.
Karroza eder batean egin du herriko ibilbidea Olentzerok, eta berarekin batera, lamiak, galtzagorriak eta ardiak ibili dira herriko kaleetan barrena, kalejiran.
Festa giroan, emozioz beterik egin diote harrera Lasarte-Oriatarrek Olentzerori. Kalejiraren ostean, Okendora iritsi eta herritar ugari izan ditu bertan zain.
Xixuko eta Mari Domingi agertu dira lehenik oholtza gainera. Herritarren laguntzarekin, Porrotxi deitu eta hau ere, buruhandien beldurrez, ausartu da agertokira ateratzen. Ondoren, Olentzero elkartu zaie eta guztiek bisita berezi bat jaso dute; Belarriprest eta Ahobizi etorri baitira oholtzara, eta guztiek elkarrekin, galtzagorrien laguntzaz, 'Ahoa bizi, belarriak prest' abestia dantzatu dute plazan bildutakoekin batera.
Desioen eskutitzak, Olentzerori
Agertokiko emanaldia amaituta, oholtzatik jaitsi eta herriko gaztetxoenen desioen eskutitzak jasotzen aritu da Olentzero. Haur asko izan dira ikazkinari gutuna emateko ilara egin dutenak. Jende ilara handia izan da ordea eta Olentzerok jaso ezin izan dituenak, Xixukok jaso ditu.
Bisita amaituta, berriz ere mendira itzuli da Olentzero; plazan bildutakoak agurtu eta gauean, Lasarte-Oriako etxeetan, zuhaitz azpian utzi beharreko opari guztiak bila joan da.
Olentzeroren bisitan bildutako argazkiak eta bideoak hemen