Presoen hitzak Periferiatik, herrira

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urt. 8a, 09:34

Zazpigarren urtez, espetxeetatik Lasarte-Oriara, herrira ekarri zituzten atzo iluntzean presoen hitzak. Harresi guztien gainetik, sarraila guztien azpitik, aurreko urteen antzera, errezitaldia egin zuten Manuel Lekuona Kultur Etxean. Kantua, dantza, irakurketak eta ikus-entzunezkoak izan ziren ordubete pasatxo iraundako emanaldian zehar

Kultur etxeko aretoa herritarrez gainezka zen iluntzeko 19:00etako. Argi guztiak itzalita, iluntasunak harrapatu zituen bertan bildutakoak. Orduan, kriseiluen argiak lagunduta, hasiera eman zioten emanaldiari. 

Lehen musika doinuak ere orduan entzun ahal izan ziren; hiru herritarrek osatutako taldeak, gitarra eta kaxak lagunduta, 'Zapalduen olerkia' abestia eskaini zieten ikusleei.

Fresneseko espetxetik iritsitako hitzak izan ziren irakurtzen lehenak. Zeharkako txirularen eta gitarraren doinu goxoek lagunduta, Estitxu Eizagirre Zubiaurre presoak idatzitako testua entzun ahal izan zuten aretoan bildutakoek.

Olatz Lasagabaster Anza preso usurbildarrak, Nikaraguako Wasalitoko irudi bat ekarri zuen gero, Alacanteko espetxetik, Lasarte-Oriara. Emakume irrifartsu, indartsu baten irudia ikusi ahal izan zuten ikusleek; eskuineko sorbaldan arma bat zintzilik eta ezkerreko bularrean semea. Amatasunari erreferentzia egin zion preso usurbildarrak, izan ere, denbora epe laburrean, berak ere alaba jaioberria izango baitu besoetan. Horrela, denbora eta espazioaren mugak gaindituta, bat egin zuten bi periferiek.

Errezitaldiko beste une hunkigarri bat iritsi zen segidan; Ibon Fernandez Iradi larriki gaixo dagoen presoaren hitzak entzun ahal izan ziren Manuel Lekuonan bere osaba Xabier Iradiren eskutik. Estatuen jarrera aldaketa faltaz mintzatu zen herrira bidalitako gutunean, eta horri aurre egiteko, azken presoa kalera eramango duen espetxeko atea zeharkatu arte bultzatzen segitzeko deia egin zuen herriko presoak. Hitz hauek herritarrarentzat eskatutako zigor etete epaiaren erantzuna jakin aurretik idatzi zituen presoak, baina epaiaren ondorengo hitzak ere irakurri zituzten gero. Zigorraren etetea jasotzeko baldintza guztiak betetzen baditu ere, horiei muzin eginda, askatasuna ukatu zioten, eta erabaki hori 'politikoa' izan dela argi utzi nahi izan zuen presoak, eskutitzean.

Santi Arrozpideren emazte Maite Toyosek hartu zuen hitza gero. Bere senarra urte hauetan guztietan ahaztu ez duten lagunenei eskerrak eman zizkien. Horretaz gain, preso duen senarra 40 minutuz bakarrik ikusteko egindako bidaia luzeak ere ekarri zituen gogora. Presoen eskubideak errespetatu daitezela eskatu zuen eta politikariei gatazkaren konponbidean parte hartu behar dutela ere azaleratu zuen. Santik 2013az geroztik kalean behar lukeela ere ekarri zuen gogora, eta herritarrei mobilizatzen jarraitzeko deia luzatuaz amaitu zuen.

Arnas apur bat hartu asmoz, txirula eta gitarrak lagundutako idatzi baten errezitaldi laburra egin zuten.

Pello Eskisabelek Uzerche espetxetik bidalitako audio-grabazio, zenbait irudik jantzia, proiektatu zituzten jarraian. Dispertsioaz, deportazioaz, isolamenduaz, kartzelatako 'borrokalarien' eta Euskal Herriaren arteko loturaz mintzatu zen Eskisabel. Une hunkigarriak bizitu ahal izan ziren tarte honetan ere.

Dantzarako tartea hartu zuten Pello Eskisabelen hitzak entzun ostean, eta Xumelako lagunekin batera, 'Kalera kalera' abestia ere kantatu zuten.

Ekitaldiari amaiera eman baino lehen, Naike Diez, Rafa Diez Usabiaga presoaren semea agertokira igo eta aitak, El Duesoko kartzelatik igorritako hitzak irakurri zituen. Bertan irakurritakoaren artean, hasi berri dugun urte honetan datorkion askatasuna ekarri zuen gogora. Aitaren hitzez gain, Naikek berak ere esker hitzak izan zituen herriarekin; aita preso izan duen bitartean jasotako babes eta laguntza eskertu zuen atzoko ekitaldian.

Amaitzeko, Ane Labaka eta Maddi Labaka ahizpek herriko preso eta senideentzako egindako doinu bat abestu zuten gitarra-jotzaileak lagunduta, eta aurtengo ekitaldiari amaiera emateko, pintxo-photoa egin zuten kultur etxean bertan.

Urtarrilak 14ko manifestaziora joateko deia

Emanaldiaren amaieran, urtarrilaren 14an Bilbon egingo den Euskal Presoak Euskal Herrira manifestaziora joateko deia luzatu zuten. 

Atzoko ekitaldian bildiutako irudiak, hemen ikusgai.