Herriko kaleetatik ibili ostean, etxeetara gauean

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urt. 5a, 21:22

Opari mordoa banatzeko asmotan, gaur iritsi dira herrira Meltxor, Gaspar eta Baltasar errege magoak. Lasarteoriatarren harrera beroa jaso dute herriko kaleetan barrena.

Ekialde Urrunetik abiatu eta Lasarte-Oriara ailegatu dira errege magoak, zakuak opariz beteta dituztela. Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek gau luzea dute aurretik, baina indarrez gainezka ekingo diote lanari, gaur arratsaldean herrian jaso duten harrera beroa ikusita.

Ohi bezala, Oriatik abiatu da Megaba elkarteak antolatutako kabalgata, 18:00etan. Antxisutik eta kotxeretatik ere pasa dira, Kale Nagusi luzean sartu aurretik. Bidean aurrera egin ahala gozokiak banatu dituzte erregeek, eta herritarren agurrei erantzun. Ola kaletik barrena Brigitarren plazara iritsi dira, jaiotza ikusi eta bertako mojei bisita egitera. Bukatzean, berriro ere Kale Nagusitik jarraitu dute, Tajamarreko biribilgunea zeharkatu eta Iñigo de Loyola kalerantz abiatuz. Hortik, Geltoki kalera, Hipodromo etorbidera iritsi eta Okendo plazarantz sartuz.

Bertan Jesus haurtxoa gurtu, suziriak ikusi eta udaletxeko balkoira igo dira, herritarrei egindako harrera beroa eskertzeko. Urtero legez, lasarteoriatar ugari elkartu dira Okendon.

Eskutitzak jasotzen

Bukatu berri dena izan da eguneko ekitaldi nagusia, baina goiz-goizetik daramate erregeek eta laguntzaileek herrian. Atsobakar zaharren egoitzara joan dira aurrena bertako egoiliarrekin egotera. Ondoren, eguerdian, pajeek gaztetxoen eskutitzak jaso dituzte Okendo plazan.

Kabalgatarako prestatu aurretik, 16:00etatik 17:30era, Brigitarren komentuan egon dira erregeak eta laguntzaileak, herriko neska-mutilei harrera egiten, euren eskutitzak jasotzen eta gozokiak banatzen.

Eta, esan bezala, garrantzitsuena falta zaie oraindik: gauean zehar opariak eta ilusioa banatzea herrian zehar.

Errege magoen etorreran ateratako irudien argazki galeria