Ignacio Manuel Altuna fundazioak, Azkoitiko Udalak, Kutxak eta Foru Aldundiak, atzerriko unibertsitateetan egonaldia egin duten lau gazteren proiektu eta ideiak saritu dituzte Altuning Pro Gipuzkoa ekimenaren barruan, horietako bat Karlos Aizpurua herritarra dugu. 2.000 euroko saria lortu du gazteak.
Karlos Aizpurua herritarra Industria-Teknologietan ingeniaria da. Tecnun-en ikasi eta Estatu Batuetan MITen egin du egonaldia. Herritarrak ‘Gipuzkoa Teach’ proiektua aurkeztu du Altuning Pro Gipuzkoa ekimenera. Harvardeko Unibertsitateak erabiltzen duen ‘Project Teach’-en du oinarria. Ideia plataforma digital bat, web edo appa, sortu eta honen bitartez, unibertsitateko ikasleek DBH edo Batxilergoko ikasleei unibertsitateko ikasketei buruzko informazioa eskaintzea edo zalantzak argitzea da.
Ikasleek atzerrian ikasitakoa Gipuzkoara ekartzeko helburuarekin sortu zen Altuning Pro Gipuzkoa ekimena. Aurten 48 proiektu inguru aurkeztu dira. Finalera hamahiru iritsi eta horietatik, lau izan dira saridunak. Epaimahaiak ideia eta proiektuen maila azpimarratu du.