Urteari amaiera emateko II. San Silvestre lasterketa

Txintxarri Aldizkaria 2016ko abenduaren 31

San Silvestre lasterketa egin da gaur, bigarrengoz, Lasarte-Orian, Mozorroak soinean, 600 lasterkarik baino gehiagok hartu dute parte aurtengo edizioan eta giro ezin hobea izan da.

Urte amaierako ohiturei jarraiki, bigarren San Silvestre lasterketa izan da gaur arratsaldean, Lasarte-Orian. Asko izan dira urtea agurtzeko kirola egitera animatu diren kirolzaleak.

Aurreko urtean bezala, korrikalariez gain, ipar martxan ere aritu dira aurtengo lasterketako parte-hartzaileak, eta horiez gain, estreinakoz, patinatzaileak ere parte hartu dute gaur.

Korrikalariei dagokionean, Alfredo Molto Valentziarra eta Vanesa Pelaez izan dira garaileak, eta beraiekin batera, Julen Ormazabal eta Alvaro Sañudo izan dira gizonezko korrikalari azkarrenak eta emakumeei dagokionean, Mari Carmen Olaso eta Arantxa Zapata.

Ipar Martxa modalitatean aritutakoen artean, Agustin Urretabizkaia eta Marijo Villalba hernaniarrak izan dira garaileak.

Aurtengo berrikuntzen artean, patitnatzaileak aritu dira gaurko lasterketan, eta horien guztien artean, Unai Perea izan da garaile. Nagore Montesek eta Txema Garagarzak osatu dute podiuma berarekin batera.

Mozorroak jantzita korrika

Asko dira urtezahar eguneko lasterketa mozorrotuta egiten dutenak. Aurtengoan ere, denetariko mozorro koloretsuak ikusi ahal izan dira San Silvestrean. 

Horien artean, bi sari ezberdin banatu dira aurten; mozorro onenari saria, eta ondoen mozorrotutako kuadrilari bestea, azken hau, aurtengo beste berrikuntza gisa. Lehenengoari dagokionean, Mikel Izagirrek eskuratu du halterofilia kirolariaren mozorroari esker, eta 'mediku koadrila izan da bigarren garaikurra eskuratu duen kuadrila.

Saritu horiekin guztiekin batera, Juani Telleriak jaso du beteranoenaren garaikurra eta Maialen Chorraut eta Nely Carla Alberto herriko kirolari olinpikoen eskutik jaso dituzte guztiek oroigarriak.

Giro ederra izan da lasterketaren ibilbidean zehar. Herritar, lagun eta senide ugari gerturatu dira kirolariei animoak ematera eta Okendo plazan ere giro aparta sumatu ahal izan da.

Hona hemen, Isaac Farré argazkilariak egindako argazkiekin osatutako irudi-albuma.