Kultur bonuak eskuragai urtarrilaren 2tik aurrera

Txintxarri Aldizkaria 2016ko abenduaren 30a

Lasarte-Oriako Udaleko Kultur Batzordeak urtarrilerako emanaldi agenda aurkeztu du. Maite Iglesias zinegotziak nabarmendu du urtarrilaren 2tik apirilaren 14ra arte erosi eta trukatu ahalko direla kultur bonuak.

2017. urteari ekitearekin batera, kultur bonuak erosi ahalko dituzte herritarrek. Urtarrilaren 2tik apirilaren 14ra (edo, bestela, herritarrek eskura dituzten 60 bonuak agortzen direnean) trukatu ahalko dira. 15+10 euroko bonua izango da; guztira, 25. Behin besterik ezingo da erabili diru kopuru hori; Kultur Batzordeko kideek nabarmendu dutenez, ez da posible egun batean leihatilara joan, 10 euro gastatu eta gainontzeko 15ak beste egun batean erabiltzea. Adierazi dute aukera ona izan daitekeela haurren zein helduen zinemarako bono 10 delakoak merkeago eskuratzeko, adibidez. Gipuzkoako Diputazioarenak dira aipatu bonu horiek.

Hori da urtarrilera begirako berrikuntza nabarmenenetako bat, baina ez bakarra. Horrez gain antolatu dira zenbait emanaldi.

Errege Magoen kabalgata, hasteko

Urtarrilaren 5ean etorriko dira herrira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak. Desfilea Oria auzotik hasiko da 18:00etan, eta Okendo plazan bukatu.

Zinema

Haurren zinema urtarrilaren 8an (igandearekin) hasiko da. ‘Ozzy’ filma proiektatuko dute 17:00etatik aurrera. Euskarazko emanaldia izango da. Helduen saioa bi ordu eta erdi beranduago hasiko da. ‘Villaviciosa de al lado’ filma eskainiko dute. 

Hurrengo asteko ostiralean (hilak 13) egingo dute urteko lehen zine forum saioa. ‘Igelak’ filma ikusi ahalko dute herritarrek horretan, 22:00etatik aurrera. Asteburuan (15ean, igandearekin), haur zein helduentzako pelikulak, ordu eta prezio berean bakoitzarena: ‘Ribbit’ eta ‘Los ultimos de Filipinas’, hurrenez hurren.  Urtarrilaren 22rako emanaldiak izango dira ‘¡Canta!’ eta ‘Passengers’, hurrenez hurren. Azkenik, hilaren 29an, ‘Cuervito calcetin: la gran carrera’ eta ‘Comancheria’ proiektatuko dira. Hori baino bi egun lehenago, 27an, ostiralez, hilabeteko bigarren zine foruma egingo da, ‘I, Daniel Blake’ filmarekin.

Prezioak eta ordutegiak honakoak dira. Haurren film guztiak 17:00etan hasiko dira, eta 3,80 euro ordaindu behar dira aretora sartu ahal izateko. Helduen kasuan, bi aukera desberdin daude. Zine forumeko bi emanaldiak 22:00etan hasiko dira, eta 19:30ean besteak. Prezioa berdina izango da: 5,50 euro.