GHK-k Zubietako erraustegiaren lanak esleitu ditu

Txintxarri Aldizkaria 2016ko abenduaren 27a

Gaur eguerdian, gipuzkoar andana bildu da Donostiako Gipuzkoako plazan erraustegiaren aurkako haien aldarria egitera. 'Ez onartu erraustegi kriminal hau! Ez onartu lapurreta!' lelopean manifestazioa egin dute Gipuzkoako hiriburuko kaleetatik barrena.

Gaur eguerdian, gipuzkoar andana bildu da Donostiako Gipuzkoako plazan erraustegiaren aurkako haien aldarria egitera. 'Ez onartu erraustegi kriminal hau! Ez onartu lapurreta!' lelopean manifestazioa egin dute Gipuzkoako hiriburuko kaleetatik barrena.

Gipuzkoako Foru Aldundian Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak bilera zuen Zubietako erraustegiaren lanak esleitzeko.

Gipuzkoa plazan bitartean, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak eta GuraSOSek deituta, ehundaka gipuzkoar bildu dira erraustegiaren aurkako haien ahotsa entzun arazteko. 

Esleipena

Lizitazioaren erabakia hartu ostean, Markel Olano Ahaldun nagusiak eta Ingurumena eta Obra Hidraulikoetako Diputatu Jose Ignacio Asensiok prentsaurrekoa eskaini dute.

Agerraldian jakitera eman dutenez, Urbaser, LKS, Moyua, Murias eta Altuna eta Uria enpresen esku egongo dira erraustegiaren lanak. Asesioren hitzetan, ez zegoen "hautu hoberik", talde honek aurkeztutako proiektua "iraunkorrena" eta kostu urriena duena da eta arazketa sistema "aurreratuena" du.

Kontratua 768 miloitan esleitu da eta 32 urteetan ordainduko da. Lanak asko jota hemendik lau hilabetera jarriko lirateke martxan eta 26 hilabetetako lanen ostean, errustegia martxanegongo litzateke.

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak

Bien bitartean, Gipuzkoa plazan eta Donostiako kaleetan erraustegiaren aurkako oihu eta txistuak entzun ahal izan dira. Gipuzkoa osotik joandako herritarrak bildu dira gaitzespen ekimenean eta oposizioko alderdien eta sindikatuen babesa izan dute. Manifestazioan hainbat pertsonek Gipuzkoako udalerrien izena eta erraustegiarengatik udalerri bakoitzak ordaindu beharko duen kopurua zituzten kartelak eskuan zituzten.

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak nahiz eta lizitazioak aurrera egin, borrokan jarraitzeko asmoa agertu du.  “Asko egin dugu aurrera urteotan eta guztiok egin dugun lanari esker esan dezakegu, gaurko tristuraren eta haserrearen erdian, itxaropena daukagula gaur ez bada bihar erraustegi kriminal hau gelditzeko. Eta horretan saiatu eta borrokatuko garela, bakean eta sendo”.

GuraSOS zain

Hau guztiaz gain, GuraSOS ekimena erraustegiaren lanak geratu ahal ditzakeen ebazpenaren zain dago. Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako 3. epaitegiak atzo eman behar zuen bere erabakia, baina ez da horrela izan. Eta horregatik, GHKk gaur hartu duen erabakiaren aurrean, GuraSOSek kideak kezkatuak daude. Haien ustez, epaileak prozesua geldituz gero, ondorio larriak egon daitezke, hau da, kalte ordainen bidea irekiko ote den beldur dira. GuraSOSek Donostiako epaitegian azaldutakoaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak derrigorrez erraustegiari buruz prozesu parte-hartzaile bat bideratuko behako luke.

Hala ere, erabaki hori GuraSOSen asmoen aurkakoa izango balitz, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian ere ingurumen baimenaren aurkako helegitea du ekimenak. Elkartearen arabera, auzitegiak kautelazko neurriak eskatuz gero, esleipenaren prozesua geratu beharko litzateke auzia erabaki bitartean.