Gaur ekingo diote Axier Arteagak eta Jon Erasunek Binakako Promozio Txapelketari. Arratsaldeko 20:30ean neurtuko dira Unai Lasoren eta Diego Iturriagaren aurka. Profesional mailara jauzi egin zuenetik urtebete bete berri du Arteaga IIak eta orain arteko maila onenean dabil lasarteoriatarra.“Gustura nabil azken aldian. Emaitza onak lortzeaz gain, fisikoki eta motibazio aldetik ondo ikusten dut neure burua”, azaldu du Asegarceko pilotariak. Bere azken lau partiduak irabazi ditu.
Pasa den larunbatean Beroizekin batera Laso eta Ibai Zabala gainditu zituen Iruñeko Labrit pilotalekuan, 22 eta 18. Bolada onari jarraipena emateko asmoz, Hendaian ligaxkako lehen puntua saiatzen lortuko da Erasunekin batera. Unai Laso eta Diego Iturriaga nafarrak izango dituzte aurrez aurre gaurko norgehiagokan. Arteagak nabarmendu duenez, hasiera batean ez dago besteen gainetik bereizi den bikoterik. “Nahiko parekatuak eta gogorrak” iruditzen zaizkio aurkari guztiak.
Bizkarra aspaldiko ezagun batek zainduko dio: Jon Erasun zizurkildarrak. “Profesionaletan batera partidu bakarra jokatu dugu, baina ondo ezagutzen dugu elkar”. Entrenamendu ugari egiten dituzte batera, eta afizionatu mailan sarritan elkarrekin jokatutakoak dira.
Formatu aldaketa
2016an baino lau pilotari gehiago lehiatuko dira aurtengo Binakako Promozio Txapelketan, enpresa bakoitzak –Aspek eta Asegarcek – bikote bana gehitu baitute. Arteagaz gain, zenbait pilotari gaztek eman du jauzia profesional mailara azken urtean, eta horiek osatuko dute, gehienbat, lehiaketako koadroa. Haiekin batera, beteranoagoak diren beste batzuek ere hartuko dute parte; esaterako, gaur aurkari izango duen Iturriaga.
Lehenengo faseko ligaxkan bikote guztiek euren artean jokatu beharko dute. Lau onenek egingo dute aurrera, finalerdietako liga osatuz. Apirila bitartean luzatuko da aurtengo Binakako Promozio Txapelketa.
Lehengo urtean baino partidu gehiago jokatu beharko dituzte hasierako ligaxkan; zazpi, alegia. Sailkapena, hasiera batean, “zailagoa” ikusten du Arteagak. Bikote gehiago izateak finalerdietarako bidea estutuko duela uste du herritarrak. Dena den, “gogoz eta motibatuta” dago forma onean delako, eta lehiaketan “aurkari gehiagoren aurka bere burua neurtzeko aukera” izango duelako.
Urtebete ibilbide profesionalean
Bukatu berri den urteko urtarrilaren 4an egin zuen debuta Arteagak Asegarce enpresarekin Tolosako Beotibar pilotalekuan. Herritarrak eta Ibai Zabalak ezin izan zuten Victorrek eta Imazek osatutako bikotea garaitu. Promozioko Txapelketa txukuna egin zuen Imazekin batera, baina Gorkaren eta Tolosaren aurka galdu zuten finalerdietan.
Banaka ere finaleko atarian geratu zen Michelinen, baina berriro ere, Gorkak mendean hartu zuen. Lau t'erdikoan, bestalde, ez zuen bere mailarik onena eman, eta ezin izan zuen finalaurrekoetara sailkatu.
“Bi txapelketetan final erdietara iritsi arren ez nintzen oso gustura aritu”, dio pilotariak. Debuta egin eta hilabetera hasi zen 2016ko Binakako Promozio Txapelketa. “Nahi baino urduriago” aritu zela onartu du.
Aurten, berriz, beste egoera batean ekingo dio lehiari. Batetik, “lasaiago”. Partiduei hobeto aurre egiten lagunduko dio urtebeteko esperientziak. Bestetik, azken hilabetean “forma fisiko eta kirol maila egokian” izateak ematen duen “motibazioarekin”.
Gaur hasiko du bere bigarrengo txapelketa zikloa. Helburua hobetzen jarraitzea da. Urratsez urrats, esku pilotaren agertoki gorenean aurrera eginez.