Erronka handia hartu zuen Lasarte-Oriak urriaren 23an. Euskararen 9. Maratoia bukatzearekin batera, hasi ziren Ahobizien eta Belarriprest-en 40 egunak.
Hasiera batean 3.000 Belarriprest eta 300 Ahobizi lotzea zen helburua, azkenean, 1.927 eta 957 izan dira kopuruak. Azken txanda ostiralean egingo da eta larunbatean, Euskararen Nazioarteko Egunean, abenduaren 3an, festa handi batekin ospatuko da amaiera.
Errekorreko erronka izan dela diote sustatzaileek eta tamainan ospatu nahi da. Lehenik eta behin gogoratu behar da, aste hauetan Ahobizi eta Belarriprest izan diren guztiak daudela gonbidatuta honetan parte hartzera. Gainera oroigarri bat ere prestatu da guztientzat. 11:30ean hasita mahai ezberdinak jarriko dira Okendon txanda bakoitzeko parte hartzaileek euren oroigarria jaso dezaten.
Ezusteko asko
Festa 11:45ak aldera hastea aurreikusten da. Zortzikoteko kideek gidatuko dute. Txalaparta doinuekin hasita udala zein Ttakuneko ordezkariek hitz batzuk egingo dituzte. Ezustekoak ere prestatu dituzte zortzikotekoek.
Jarraian, txanda bakoitzeko testigantza batzuk jasoko dira. Erronkak iraun bitartean bizitakoak ardatz. Ostean, erronka gainditu den ala ez azalduko du Pello Jauregi EHUko irakasle eta ikerlariak.
Jai giroa jartzeko hainbat dantza eta kantu egiteko aukera izango da eta nola ez, argazki erraldoia egin ondoren, azkenekoz, Safri Duo dantzatuko da. Zalantzarik gabe, aurtengo Maratoiaren ikur bilakatu dena.
Eskerrak eman nahi zaizkie parte hartzaile zein laguntzaile guztiei eta hau horrela izanda, deia egiten zaie herritarrei parte hartzeko.