Egitarau xumea, baina anitza izan zen larunbatean, Elebeltz Topagunean egindako jaialdikoa. Goizeko 11:30etan eman zioten hasiera Fabrimusikala 11+4 jaialdiari, eta horretarako, 'Kalera, kalera' hitzaldia egin zuten, Lasarte-Oriako preso ohiekin elkartuta.
Brindisa egin eta eguneko lehen kontzertua eskaini zuen ondoren 'Skifire' taldeak. Donostia eta Lasarte-Oriako musikariek osatutako musika bandaren emanaldia amaituta, eta arratsaldeko ekintzei hasiera indartsu bat eman asmoz, bazkari beganoa egin zuten, topagunean bertan.
Indarrak bildu ostean, bazkalosteko ekitaldiak hasi ziren. 17:00etan, Jon Martinez 'Txiki'ren eskutik, umore saio ederraz gozatu ahal izan zuten bertan bildutako Lasarte-Oriatarrek, eta honen ostean, berriz ere musika izan zen nagusi Elebeltzen; 'Bi zaldi' eta 'Pangea' musika taldeek kontzertua eskaini zuten.
19:30etan, berriz ere tripak betetzeko aukerarik izan zen; ordu horretan, salda eta txokolatezko krepak dastatu zituzten topagunera gerturatu zirenek.
Egun osoko Fabrimusikala 11+4 jaialdiari amaiera emateko, gaueko 23:00etan hasita, 'Buuzbu', 'Zezenaren taldea' eta 'More Jaia' DJak arduratu ziren festa goizeko ordu txikietara arte luzatu eta Elebeltz Topagunean gaua girotzeaz.