Herritarrek udal proiektuak aukeratzeko aukera izango dute

Txintxarri Aldizkaria 2016ko abenduaren 14a

Ohiko Udalbatzarra izan zen atzo. Gai ezberdinak izan ziren mahai gainean eta hainbat eztabaida sortu ziren alderdien artean.

2017ko aurrekontuetan herritarren parte-hartzea garatu eta indartzeko mozioa onartu zen EHBildu, PSE eta Lasarte-Oria Ahal du alderdien bozkekin. PPk aurka egin zuen eta EAJ abstenitu zen.  

2017an, parte-hartze prozesu bidez herritarrek aukeratutako proiektuetarako 500.000 euroko aurrekontua finkatuko da. Hala ere, beharrezkoa balitz kopuru hau handitu ahalko litzateke. Parte hartze prozesua egiteko modu egokiena aukeratu edo modu telematikoan egitea ere aipatzen da.

PPk, EAJk eta EHBilduk hainbat kezka aurkeztu zituzten gai honi buruz. Horien artean, guztiak bat etorri ziren, parte-hartze prozesuari eta honen gardentasunari dagokionean, “ez baitago parte-hartze araudirik”.

EAJk diru-laguntzen plan estrategikoari buruz aurkeztutako mozioa aho batez onartu zen. 2017ko aurrekontuak baino lehen, diru-laguntzen udal plan estrategikoa onartu eta plana eraginkorra izateko, aurrekontuetan dagozkion kontsignazioak  ezartzea.

PPren eta PSEren emendakinak aztertu eta biak aho batez onartu ziren. PPk gardentasuna bermatze aldera, webean diru-laguntzen informazio guztia eskaintzea eskatu zuen; PSEk, aldiz, udal araudia eta eskaera orriak onartu eta herriko erakunde edo elkarteekin zenbait urteetarako hitzarmenak egitea eskatu zuen.

Honetaz gain, garapen lokal, promozio ekonomiko eta enplegu arloan udalen kooperazioaren hitzarmena onartu zen aho batez. Honen bitartez Buruntzaldea eskualdeko herrien arteko elkarlana bultzatuko da arlo honetan.

Era berean, PSE eta EAJren aldeko bozkei esker, batzorde horretako udal ordezkariak izendatu ziren: Jesus Zaballos eta Estitxu Alkorta. Ordezkoak Beatriz Juez eta Jon Antxordoki izango dira. Beste alderdiek abstentziora egin zuten.

Bidegorria eta Zabaleta Berri

Bidegorri sareari buruzko mozioa aurkeztu zuen EHBilduk eta LOAD, EHBildu eta EAJren bozkei esker onartu zen.  Honen bitartez, Udalari herrian dauden hutsuneak gainditzeko, proiektu bat egitea eta Gipuzkoako Foru Aldundiari Lasarte-Oria beste udalerriekin lotzeko bidegorrien proiektuak aurrera eramatea eskatzen da.

Eztabaida izan zen gai honetan, PSEk ordezko mozio bat aurkeztu baitzuen. PSEk azaltzen zuenez, EHBilduk aurkeztutako mozioa martxoan EAJk aurkeztu eta Udalbatzarrak onartutako mozioaren antzeko zen,  “EHBildurena eztabaidatzea ez da zentzuzkoa”. Horregatik, alderdi sozialistak ordezko  mozioan Lasarte-Oriako plan estrategikoa egitea proposatzen zuen. Baina mozio hau ez zen eztabaidatu, EHBildurena aurrera atera baitzen.

Zabaleta Berriko proiektuari Urrela Grupok egindako bi alegazio atzera bota ziren. Bi kasuetan EAJk abstentziora jo zuen, hitzarmen horrek 2007tik hainbat moldaketa jaso dituelako eta enpresak ez duelako zintzo jokatu, “beldur gara proiektua beteko den edo ez”.

Honekin lotuta, Zabaleta Berri enpresarekin hitzarmen berria onartu zen, baita  Plan partzialaren aldaketa bat ere.

EHBilduk hitzarmen berriaren aurka bozkatu ostean, etxebizitza politikaren planifikazio eza eta landa eremuan eman den ‘zementifikazioa’ salatu zuen.

Hizkuntza-eskakizunak

Azkenik, bi udal lan posturen eskaintzen hizkuntza-eskakizunak aztertu ziren, udaltzainen kabo postua eta departamentu arteko administrazio elektroniko eta gardentasun kudeatzaile eta  HAZeko arduradunarena.

Lehen kasuan atzera bota zen proposamena PP eta PSEk aurka eta LOADk abstentziora egin eta gero. Honek PSE eta EAJren eztabaida sortu zuen. Gobernu paktuan euskararekin zer ikusia zuten gaiek oniritzia jasoko zutela adostu baitzuten. PSEk erantzun zuenez, adostutako Euskara batzordeko gaiei bakarrik aplikatu behar zaie.

HAZ arduradunaren hizkuntza-eskakizunak, berriz, aurrera egin zuen PSE, EHBildu eta EAJren bozkekin.

Zumaburuko eraikina

Azkenik alderdien galdera eta erreguen txanda izan zen.

Azpimarragarria izan zen EHBilduk Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko Zumaburuko eraikinaren egoerari eta horren konponbideari buruz egindako galdera. “Eraikina aztertu duen enpresak txostenaren arabera, eraikitze arazoa dagoela ebatzi du. Beraz, Eusko Jaurlaritzak egin beharko luke obra, baina Eusko Jaurlaritzak onartuko du?”

Alkateak azaldutakoaren arabera, hezkuntza ordezkaritzari bidali zaio txostena, baina hauek ez daukate horrelako obra baimenik emateko eskumenik. Beraz, Eusko Jaurlaritzak Lakuatik eman behar du baiezkoa eta proiektua egin. Baina legealdi aldaketa dela eta, bilera bat eskatuko dute arazo hau eta Landaberriko Guraso elkarteak Institutu eta Landaberri BHiri buruzko kezka bat eramateko.  Aurrera pausorik egonez gero, Zumaburu-Sasoeta ikastetxe eta guraso elkarteari jakinaraziko zaiela aurreratu zuen.